Justizia soziala helburu, Legegintzako Herri Ekimena abiatu du ELAk eskualdean

Nerea Uranga 2013ko abenduaren 18a

Urola Kostako ELAkoek atzo ekimenaren berri ematen (Nerea Uranga/Hitza) Sektore publikoan azpikontratatutako enpleguari eutsi eta gutxieneko baldintzak bermatzeko helburuarekin, Legegintzako Herri Ekimena jarri du martxan ELA sindikatuak, eta Urola Kostan kanpaina abiatu du, sinadurak bilduz. «Administrazio publikoan azpikontratazioan izugarrizko esplotazioa ari da gertatzen, murrizketen eta lan erreformen ondorioz. Azken batean, kontratu pliegoetan edota baldintzetan hori ez gertatzeko inolako bermerik ez dagoelako jasota», esan du Urola Kostako ELAko Andoni Eizmendik. «Lanpostuak galtzen, murrizketak, soldata eskala bikoitzak eta horrelako kontuak ari gara ikusten». «Langileen esplotazioa areagotzen» ari dela eta, herriaren babesarekin Legebiltzarrera jotzeko garaia dela diote. Ekimenaren hiru oinarri nagusi ditu: nahiz eta azpikontratak aldatu langileen lanpostuak mantentzea; lan hitzarmenak betetzea, indarrean daudenak edo aurretik erreferentzia zirenak; eta, arauak bete ezean kontratatutako enpresek zigortzea. Enpresetan, lantokietan, obretan eta kalean bilduko dituzte sinadurak. Hilaren 21ean, San Tomas egunean, Azpeitiko Goiko kalean, 10:30etik 12:30era bilduko dituzte. Eta, urtarrilaren 17an, San Anton egunez, Getarian. «Urola Kostako herritarrei egitasmoarekin bat egiteko eskatu nahi diegu, justizia soziala jokoan dagoelako». Herritarrek legegintzan parte hartzeko «modu bakarra» egitasmo hau dela azaldu du, eta Eusko Legebiltzarrean (Gasteiz) prozesua aurrera ateratzeko 30.000 sinadura biltzea da beharrezkoa. Nafarroan 7.000 behar dira. Obra handietako «tranpak» Eraikuntza sektorean gertatzen ari denaren adibide batzuk mahai gaineratu ditu Urola Kostako ELAko Josu Galarragak. «Orain dela bi urtetik ikusten ari gara eraikuntzako enpresek obra handietan langileei lan hitzarmena ezartzen dietela, baina tranpa bezala azpikontratatutako langileekin hitzarmena ez dela betetzen». Abiadura Handiko Trenaren obrak jarri ditu adibide. Baina aldundiarekin foru araua dute adostuta ELAkoek, eta horren bidez, Gipuzkoako obrak esleitzen direnean lan hori egingo duten enpresek hitzarmena bete beharko dute azpikontratetan ere. Hala ez balitz, zigorra izango luke enpresak. Lan ituna betetzeko berme hori beste erakunde publikoetako obra kontratuetako baldintzetara zabaldu nahi dute ELAkoek egitasmoaren bidez; Jaurlaritzara, udaletara edota beste foru aldundietara. Zerbitzuen sektorearen nondik norakoak ere azaldu ditu ELAk. «Udal askotako eraikin publikoetako garbiketa, kiroldegiak, lorezaintza... azpikontratatuta daude. Lehen udaleko langileak izaten ziren lanok egiten zituztenak, baina 90. hamarkadatik asko azpikontratatuta daude». Lan arlo bakoitzak bere hitzarmena duela eta gaur askotan Espainiako lan hitzarmena ezartzen ari zaiela nabarmendu du. «Esaterako, garbitasun alorreko langileei Gipuzkoako hitzarmena ezarri beharrean Espainiakoa ezartzen ari zaie. 9 euro kobratu beharrean lan orduko, 5 euro ari dira kobratzen. Eta udalak enpresari 9 euro ordaintzen dio. Hor lapurreta dago». Kontratuen baldintzen gaineko informazioa udalez udal ari dira jasotzen ELA sindikatukoak. Gazpiok Orioko Kiroldegikoa jarri du adibide. «Orioko kiroldegian oraintxe egin dituzte zerbitzua kontratatzeko baldintzak, eta gu ekimenaren bidez eskatzen ari garen baldintzak jaso dituzte, juridikoki posible delako». Azkoitiko garbitzaileen «kasuaren gainean» ere badaudela esan du sindikatukoak. Udalak zerbitzuak azpikontratatzerako orduan lan hitzarmenak betetzera behartzea lortu nahi dutela esan du sindikatuko ordezkariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide