30. urtemugan, zauriak zabalik

Ane Olaizola 2013ko abenduaren 18a

http://youtu.be/YkjtV424QZE

[caption id="attachment_82205" align="aligncenter" width="350"]Arantxa Bergara ama, Arantxa Oñederra arreba eta Prudentzio Oñederra aita, Katturen argazkia ondoan dutela (Ane Olaizola/Hitza) Arantxa Bergara ama, Arantxa Oñederra arreba eta Prudentzio Oñederra aita, Katturen argazkia ondoan dutela (Ane Olaizola/Hitza)[/caption] http://youtu.be/YkjtV424QZE Bihar 30 urte beteko dira GALeko mertzenarioek Ramon Oñederra ‘Kattu’ azkoitiarra hil zuenetik. GALen lehenengo hilketa izan zen, eta sumarioa artxibatuta dago 2003az geroztik. Familiak HITZA-rekin hitz egin du. Ramon Oñederra Kattu azkoitiarrak 53 urte izango zituen gaur, baina 23 urte zituela hil zuen GALeko mertzenario talde batek, Baionako Kayetenia tabernan lanean ari zela. GALen lehenengo hilketa izan zen, Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren bahiketak lehenago gertatu baziren ere. Bihar 30 urte beteko dira Kattu tiroz hil zutela. Zauriek zabalik jarraitzen dute, eta hilketaren erantzuleak zigorrik gabe. Urteurrenaren atarian, UROLA KOSTAKO HITZA hartu du Kattu zenaren familiak, orduko eta azken urteetako bizipenak azaltzeko. «Gogorra da familiako bat egun batetik bestera kentzea, are gehiago modu honetan. Gorputzetik zati bat kendu digutela sentitzen dugu. Egunak joan dira, eta oroitzapenak izaten ditugu, negarraldiak ere bai. Baina beste erremediorik ez dago, eta aurrera jarraitu behar da». Hala hasi du kontaketa Prudentzio Oñederrak, Katturen aitak. Senideek hitz gutxitan deskribatu dute Kattu. «Mutil argia zen, sinpatikoa eta alaia, gutxi bezalakoa. Beti zegoen laguntzeko pronto. Hil zutenean, mezara bidean egunero errepidea gurutzatzen laguntzen zion emakume bat etorri zitzaidan Baionan, aurrerantzean nork lagundu behar zion galdezka», oroitzen du aitak. Urtetan tabernari gisa aritu zen lanean, besteak beste, Azkoitiko Etxe-Aitz tabernan. Futbolean jokatzea ere gustukoa zuen, eta Azkoitiko Anaitasuna taldean eta Baionako futbol taldean ibili zen. Xake zale amorratua ere bazela dio familiak. «Umetan xake taula oparitu genion, eta nola maite zuen hura!». Zaletasun horren harira, igandean haren omenezko xake txapelketa jokatu zuten Azkoitian, urtero bezala. Gaztetan hasi zen politikan, baina umea zenetik izaera bihurria zuela gogoratzen dute, orduko testuinguruak hala bultzatuta. «Eskolan irakaslea komunera joaten zenean arbelean ikurrinak margotzeko aprobetxatzen zuen». Politikarako kuriositatea gazte-gaztetatik izan zuela adierazi du Arantxa Oñederrak, Katturen arreba zaharrenak: «Beti pertsona helduagoekin ibilitzen zen, hobeto konpontzen zen horiekin. Parekoagoak zituen, eta lotura handiagoa zuen». EGAM Euskadiko Gaztedi Abertzalearen Mugimenduko kidea izan zen gaztetan. 1979an joan zen Ipar Euskal Herrira. 19 urte zituen artean. «Soldatutza egin behar zuen, baina argi esan zuen Franco ez zuela zerbitzatuko. Gau batean ikusi nuen motxila egiten. Bazihoala esan zidan. Elkar besarkatu, eta guztia Euskadigatik esan zidan», dio aitak. Horiek izan ziren etxean esan zituen azken hitzak. Bakarrik ihes egin zuen Lapurdira, eta mendiz mendi pasa zuen muga. Aita Larzabalek hartu zuen han. «Harengana joaten ziren errefuxiatuak». Telesforo Monzonek Miarritzera eraman zuen gero. Hain zuzen, han elkartu ziren lehenengoz familia osoa. «Denbora asko egin genuen Ramonetaz ezer jakin gabe. Ondo zegoela eta halakoak iristen zitzaizkigun noizbehinka, baina hilabete asko pasatu ziren ikusi genuen arte», adierazi du arrebak. Lau urtez egon zen iparraldean errefuxiatuta, eta «garai zaila» izan zela gogoratzen dute senideek. «Denboraldi luzeak pasatzen genituen berari buruz ezer jakin gabe. Bisitatzera joaten ginenean, errefuxiatu kuadrillekin elkartzen ginen, haientzat bazkariak ematen genituen. Giro ederra sortzen zen askotan, eta une politak ere bizi genituen». Egun beltzak 1983. urteko abenduaren 19an hil zuten Kattu. Tabernan bakarrik geratu zenean tiroz hil zuten mertzenarioek. «Ondo zainduta zegoen», dio familiak. Senideek ondo gogoan dute egun hura. «Harategian nengoen. Irratia jarrita zuten, eta albistea entzun nuen. Ez nuen ondo entzun, baina segituan lotu nituen hitzak», adierazi du Arantxa Bergarak, Katturen amak. «Oso egun gogorrak izan ziren». Jakin bezain laster joan ziren Baionara, eta han hasi ziren gorpua herrira ekartzeko tramiteekin. «Halakoek denbora asko ematen zutela eta, bost egunera ekarri beharko genuela esan ziguten». Itzulerarako Katturen gorputza Ipar Euskal Herriko herrietatik pasatu, eta omenaldia egiteko prestatzen ari ziren errefuxiatuak, eta «hortaz ohartu zirenean» jakinarazi zieten egun horretan bertan eraman ahalko zutela. «Zaila izan zen erabakitzea; egunak luzeak izaten ziren, gurasoak Azkoitian zeuden...», dio arrebak. Azkenean, egunak itxarotea erabaki zuten. Baionan izan zuen lehenengo omenaldia: «Tanatoriotik dantza eta bertso artean atera zuten, eta auto-karabana egin zioten Baionan. Oso beroa izan zen». Aurrez pentsatu bezala, herriz herri eraman zuten azkoitiarraren gorputza. Mugara iristean, ordea, guardia zibilek «bahitu» zuten haren gorputza, Azkoitira iritsi arte. Ez zieten utzi omenaldirik egiten Hegoaldean. «Azkoitira iritsi ginenean eguerdia zen, eta jende gutxi zebilen kalean. Baina azkar zabaldu zen berria, eta etxera iristerako herritar ugari zegoen atarian». Abenduaren 23an, Gabonen bezperan, eman zioten lur. «Gabonak oso gogorrak izan ziren». Ondorengo egunak «garai zailak» izaten direla aipatu dute. «Hutsune handia antzematen da». Hamalau urte geroago hasi zen Oñederra sumarioa. Aitak adierazi duenez, «bere burua GALeko kide gisa aurkeztu zuen damututako guardia zibil batek Interview aldizkarian garbi esana zuen nortzuk hil zuten, eta bera non zegoen». «Azalpen guztiak emanda» bazeuden ere, auzia itxi egin zuten 2003an, frogarik ez zegoelakoan. Sumarioa «korapilotsua» izan zela adierazi du arrebak, eta hura artxibatzea «golpe gogorra» izan zen haientzat. «Oso garbi zegoen guztia. Guztiok genekien zein ziren, baina zigorrik gabe geratu ziren azkenean». Besteak beste, Jose Luis Corcuera, Rafael Vera eta Rodriguez Galindo auziperatu zituzten. Gizartean, «ahaztuak» Herri mailan «babesa» izan duten arren, oro har, gizartean «ahaztutako biktimak» izan direla nabarmendu dute. «Hedabideetan agertzen diren biktimen minarekin bat egiten dut, neuk ere hori bizi dudalako. Baina oraindik orain agertzen duten amorrua mingarria egiten zait. Parot doktrina-rekin asko ikusi dugu oraintsu; zigorra bete dute, eta bete dutelako daude kalean. Zenbait biktimaren erreakzioa izugarria irudizen zait. Gure kasuan, Ramonen hiltzaileek ez dute egun bakar bat ere pasatu kartzelan. Mina berdina izango da guztientzat. Guk ere inpotentzia galanta sentitzen dugu kalean daudela jakitean, baina isilik jasan behar izan dugu guztia». Katturen hilketaren urteurrenarekin batera, haren omenezko ekitaldiak antolatu dituzte beste urte batez Azkoitian. Igandean xake txapelketa egin zuten, eta bihar gerra zikinaren inguruko hitzaldia eskainiko dute Mikel Aramendik eta Karmen Galdeanok, 19:00etan, Elkargunean. Azkenik, igandean, ekitaldi politikoa egingo dute, 12:30ean, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide