Oier Guillan erdi-erdian.
Gelditu gabe dabil Oier Guillan (Donostia, 1975) idazlea, antzerkigilea eta aktorea. Aurten, besteak beste,
Elkartasun basatia poema liburua argitaratu du,
Gabrielen lekua sentikarian hartu du parte, eta
Poza: ergatik dantzatzen dute bosniarrek? antzezlanarekin ibili da batetik bestera. Hain zuzen ere,
Poza antzezlanarekin gerturatuko da igande honetan, 19:00etan, Zarauzko Modelo aretora. Berak idatzi du testua, Asier Sarasolarekin elkarlanean, eta bere burua antzeztuko du taula gainean, beste lau lagunekin batera.
Zerbait ederra gertatu zain dauden bost pertsonaia agertuko dira taula gainean. Hori al da antzezlanaren hari gidaria?
Bai, taldean edertasunaren inguruko gogoeta abiatu genuen; besteak beste, Eusebio Calongeren aipu bat gogora ekarrita: «Edertasuna arriskutsua da, itxaropena sortzen duelako. Horregatik izan ohi da erasotua». Egoera gatazkatsu eta terribleetan egon daitekeen edertasunaren bila abiatu ginen antzezlanaren sortze prozesu kolektiboan, izan eguneroko egoerak, ala guda baten erdikoak.
Eta nortzuk dira bosniarrak, eta zein helbururekin egiten dute dantza?
Antzezlana ez da Bosniari buruzkoa, baina bosniarrei loturiko irudi batek garrantzia handia izan zuen proiektuaren hastapenean: duela urte batzuk SOS Balcanes-en eskutik lagun talde bat joan ginen Gorazdera, sormen proiektu bat egin eta gerra osteko errealitatea ezagutzera. Hango jendea ezagutu eta haien istorioak entzun ostean, niretzat talka izan zen jende hori bera mozkortzen, dantzatzen, abesten, bizitza sutsuki ospatzen ikustea. Irudi hori izan genuen akuilu.
Aktoreok zeuok zarete ikuskizuneko bost pertsonaiak, izen-abizen berarekin. Errealitatea, fikzioa, absurdoa... Zer islatu nahi duzue aktore-protagonista joko horrekin?
Autofikzioaren bidea landu dugu lan honekin. Oholtzan gaudenok kontatzen dugun guztia egia da, baina oholtzan publiko baten aurrean gauden momentutik bada fikzioa ere. Era berean, oholtzan gu geu izatea, naturaltasunez egotea izan da
Poza-ren dramaturgia bilatzerakoan xede izan dugun gauzetako bat. Eszenara gu geu azalduta, nolabaiteko zintzotasuna edo egia transmititu nahi izan diogu ikusleari, nahiz eta jakin hori guztiz lortzea eta benetakoa izatea oso zaila dela.
Hainbat arte eta kultur diziplina erabiltzen dituzue. Collage dramatikoa dirudi, performance luzea.
Poza-ren kasuan ez da guztiz horrela. Izan dezake collage puntu bat, funtsean ez diegulako jarraitu ohiko teatroaren egitura eta hari narratiboei, baina inoiz baino gertuago sentitu dugu diziplina ezberdinak kode propio batean uztartzeko beharra. Urte asko eman dugu Metrokoadroka kolektiboan arte diziplinen arteko harremana oholtzan aztertzen eta esploratzen. Oholtzara igoko garen guztiok ez gara aktoreak, eta iruditu zitzaigun garrantzitsua zela norbera den modukoa azaltzea eszenan, egiten duen horren bitartez aurkeztuz bere burua. Hori izan da beste gakoetako bat lan honetan: oholtzan inork ez du egiten egiten ez dakien ezer, eta antzezlana gure arteko jarrera horretan oinarritzen da. Gauza bat da aktore izatea, eta beste bat lan eszenikoen funtsa ezagutu eta zure eremutik eszenan egoten ikastea.
Inprobisazioak zer-nolako lekukotasuna du zuzenekoan?
Beti dago horretarako tartea. Teatroak, arlo eszenikoak oro har, beti utzi behar dio ate bat zabalik inprobisazioari, ezusteari eta kaosari, lana bizirik egon dadin. Dagoeneko egin ditugu emanaldi batzuk, eroso gaude eszenan, hasierako saioetako urduritasunak dagoeneko pasa dira, eta, orain, aldi bakoitzean gauza ezberdinak probatzeko sena gailentzen da, ñabardurak bilatzekoa, mugitzeko edo egoteko modu ezberdinak topatzekoa, askotariko ahots-tonuekin esperimentatzekoa...
Ikuskizun konplexua dirudi, bai taularatzeko bai ikusteko. Hala al da, ala uste baino errazago ulertzen da?
Nik uste dut aurreiritzi asko ditugula Euskal Herrian lan eszenikoen balizko konplexutasunen inguruan, eta pena da, asko ikasten delako askotariko gauzak ikusten. Azkenaldian ni neu ikusle gisa sentitzen hasia nago euskarazko arte eszenikoetan aspaldiko aniztasunik handiena topatzen dudana, tabernetan zein antzokietan. Garrantzitsua iruditzen zait ikusle gisa aniztasun hori babestea, ulertu ala ez ulertu, gustatu ala ez.
Poza-rekin gu geu ginen hasiera batean aurreiritzi horien eraginpean geundenak, beldur ginelako jendeak ez zuela erraz ikusiko. Baina emanaldiak egin ahala ezustea hartu dugu, publikoak sekulako lezioa eman digu.
Poza-k oso ondo funtzionatu duelako oso leku eta ikusle ezberdinekin. Segur aski, ez da publiko erraldoiak erakarriko dituen lan bat, baina nire ustez edozein sormen lan zintzoa denean, sortzailearen nolabaiteko egia azaleratzen duenean, ia-ia ezinezkoa da lan horrek ezer ez transmititzea. Guk
Poza-rekin sarritan sentitu dugu hori. Zailena zintzotasun eszeniko horretara iristea da; berdin dio maskara jantzita den, edo poema bat errezitatzen, edo beste modu batera.
Urte osoa daramazue Poza han eta hemen aurkezten. Gustura al zaudete egiten ari den ibilbidearekin?
Babes handia izan du proiektuak hasieratik. Sortze prozesuan BAD jaialdiaren, Azala Kreazio Espazioaren eta Mikelazulo kultur elkartearen babesa jaso genuen, baita inguruan dugun sormen-kide ugariren kanpoko laguntza ere. Teatroa eta, oro har, sormena ulertzen dugun moduan egin ahal izan dugu proiektu hau, eta sekulako
Poza ematen digu horrek.