Ostegunean amaituko da Zarauzko jaiotza eta olentzero lehiaketan parte hartzeko aukera

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko abenduaren 17a

(Irudia: Donostia.org) Haurrek zein gazteek hartu ahalko dute parte bertan. Aurten ere izango da berrikuntzarik horri lotuta. Iaz olentzero gehitu zioten ohiko lehiaketa horri, eta aurten, berriz, aurkeztutako lanak erakutsiko dituzte hilaren 21tik 23ra. 17:00etatik 20:00etara izango dira horiek ikusgai, Ebro Etxean. Erakusketa zabalik dagoen bitartean plastika eta pintura tailerrak eskainiko dituzte, doan. Parte hartu nahi dutenek osteguna baino lehen eman beharko dute izena Ebro Etxean, 943-835568 telefonora deituta edota artezaleak@telefonica.net helbidera mezua bidalita. Lanak abenduaren 20an aurkeztu beharko dira, 16:30etik 20:00etara. Lanak bakarka edo taldean egin  ahalko dira. 100×150 zentimetroko neurria izan dezakete gehienez eta teknika ororekin lantzeko aukera dago. Bi sari emango dituzte: gazteen saria eta haurren saria. 11 urtetik gorako artista onenak 150 euroko txartela jasoko du, Garoa liburu dendan erabiltzeko eta 10 urte arteko onenak, berriz, 125 eurokoa, Albizu pintura dendan xahutzeko. Sari banaketa hilaren 23an izango da Ebro Etxean, 19:30ean. Epaimahaiak orduan jakinaraziko ditu irabazleen izena. Aurreko egunean Patxi Santamaria antzezleak ipuin kontaketa eskainiko du leku berean, sei urtetik gorako haurrentzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide