Egitasmoaren aurkezpeneko irudi bat
22 urte kartzelan egin ostean, bihar, dira Patxi Aristi preso zumaiarra aske uztekoak. 1991ko abenduaren 11n atxilotu zuten Angersen (Frantzia), lau urtez sasian egon ostean. ETAko kide izatea leporatuta, Frantziako eta Espainiako hainbat espetxetan egin ditu 22 urte.
Itzulera «ahalik eta samurrena» izan dadin, hainbat ekimen antolatuko du azken hilabeteetan Herrira taldeak. «Zer egin kartzeletan eta erbestean metatutako sufrikarioarekin? Bere hartan onartzerik besterik ez al dago? Hala balitz, presoa izan denak ezingo luke inoiz bere herrira itzuli idatziko luke poeta erbesteratuak…Baina egungo gizartea aldatze bidean dago, eta gizaki justuagoak izatekotan, herrira bueltatzen diren presoak eta erbesteratuak gure ondoan behar ditugu», azaldu zuten irailean. Hala, Zatoz elkartea sortu zuten. «Aurrerantzean, bide horretan gehiago izateko lan egingo dugu. Askotariko zumaiarrak batu nahi ditugu, askotariko ekimenetan», nabarmendu zuen Herrira-k. Abenduan Aristi askatuko dute, baina Aristiz gain, «izango dira gure ondora etorriko diren lagun eta senitarteko asko».
«Dinamika honekin, Euskal Herrian hutsik dauden aulkiak bete eta betetzen doazen heinean merezi duten babes eta elkartasun guztiaren bila gatoz», zioten. Zentzu horretan, helburu horrekin bat egiten duten herritarrei parte hartzeko eskatu zieten, «ahalik eta indar gehien batzeko».