2014rako helburuak jakinarazi ditu Uemak Zumaian

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 16a

Larunbatean Zumaian egin zuen Uemak Batzar Nagusia. Ondoren, agerraldi publikoa egin zuten, euskara sustatzeko hartu dituzten konpromisoak jakinarazi eta 2014ean martxan jarriko dituzten egitasmoen berri emateko. Datorren urteko egitasmoaren helburua euskararen aldeko hizkuntza politika "ausart eta aurrerakoiak" egin eta eragitea dela esan zuten: : "Orain baino lehen abiatutako bidetik, gure udalak hizkuntza politikan aitzindari izaten jarrai dezaten; eta udalerri euskaldunei orokorrean euskararen normalizazioan duten garrantzia aitortu, eta horretarako beharrezko ditugun baliabideak (legalak, ekonomikoak…) exijitzen jarriko dugu indarra".

2013an egindako diagnostikoetan oinarrituta, "udal bakoitzaren egoeratik abiatuta aurrera egin dezaten jarraipen sistemak" martxan jartzea izango da lehentasuna: "Uemak diseinatutako metodologia aurreratuen bitartez eta arduradun politikoen konpromisoak zehaztuta, udalen erabat euskalduntzea nahi dugu. Esan behar da, bide hori ez dugula hutsetik hasten; izan ere, egin ditugun diagnostikoek erakutsi digute UEMAko udalak eredu direla euskararen erabilerari dagokionez. Horren adibide dira, euskarazko zerbitzua bermatzeaz gain, nagusiki euskaraz funtzionatzeko gai izatera iritsi diren udalak".

Udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa eta soziokulturala bultzatzea "ezinbestekoa" dela dio, eta bakoitzaren egoera neurtzeko tresnak sortu nahi ditu.

Elkarlana sakondu

Udalerri euskaldunen arteko elkarlanean sakontzeko konpromisoari ere eutsiko dio 2014an. "Indarrak bildu eta batera lan egitea bultzatu" nahi du UEMAk, "eragite ahalmena handitzeko". Horrela, Hego Euskal Herriko udal gehiagorekin ere abiatuko ditu harremanak, Ueman sartzeko bultzada emanez. Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile eta eragile politikoekin abiatutako elkarrizketei jarraipena eman eta lanerako ildoak ere zehaztuko ditu 2014an.

 "Udalerri euskaldunok euskararen arnasgune geografikoa osatzen dugu, eta horren aldarrikapena egiteaz gain, gure herritarrak horren inguruan kontzientziatzen eta sentsibilizatzen jarraituko dugu. Euskal hiztun komunitateak egunerokoan dituen hizkuntza jarrerak trinkotzeak egundoko eragina du euskararen biziraupenean, eta horretaz kontziente izan gaitezen lan egingo dugu". Horretarako, dagoeneko hainbat herritan egin dituzten arnasguneen tailerrekin jarraituko du, eta gainera, Uemako udalerrietan euskararen ezagutzaren eta erabileraren bilakaera aztertuko du. "Finean, udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua euskaraz izan dadin lortu nahi dugu. Udalerri euskaldunen elkarlanetik, hainbat eremutan eraginez eta euskararen lurgunea zabalduz euskararen normalizazioa bultzatzeko. Hori da gure nahia, hori gure borondatea".

Uemaren batzar nagusian parte hartu zutenak. Uema  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide