Zumaiako emakumezkoen traineruko kideak Kontxako Banderarekin
Sentipen gazi-gozoak bizi dituzte pasa den denboraldian Zumaiako Arraun Elkartean. Alde batetik, emakumezkoen traineruak denboraldi bikaina egin du eta Kontxako Bandera irabaztea lortu du gainera; bestetik, gizonezkoek ez dute TKE mailan jarraitzeko txartela lortu eta datorren urtean KAE 1 mailan arituko dira. Hala ere, une zailetan aurrera egiteko indartsu dago Zumaiako Arraun Elkartea eta larunbatean aspaldiko ohitura berreskuratuko dute, denboraldian zehar irabazitako banderak bedeinkatuko dituzte San Telmo ermitan. 11:30ean izango da hitzordua eta hori bukatutakoan arraunlariek hamaiketakoa egingo dute Aita Mari Elkartean.