Jakinarazi dute epaia: 18 urteko kartzela zigorra ezarri diote Ekaitz Sirvent zarauztarrari. Harekin batera epaitu dituzte beste bi lagun. Ainhoa Ozaeta andoaindarra 14 urtez kartzelaratzeko agindua eman du Frantziako Estatuak, eta Peio Sanchez iruñearra bost urtera zigortu dute. Azken hori ez da kartzelara joango. Enpresariei
iraultza zerga ordainarazten saiatzea egotzi die Pariseko auzitegiak. Hiru aste iraun du epaiketak.
Behin zigorra beteta, ezingo dute Frantziara itzuli.
2009ko apirilaren 10ean atxilotu zuten Sirvent, Parisen.Hiru egunen buruan eraman zuten Laurence Le Vert epailearen aurrera, eta Fiskaltzak espetxeratzeko eskatu zuen. Horrez gain, sumario bat irekitzea ere galdegin zuen, ETAko talde politikoko kide eta dokumentu faltsuak egiteko taldeko buru izatea, faltsututako dokumentuak izatea, armak edukitzea eta garraiatzea, eta lapurreta batetik ateratako arma edukitzea leporatuta. Parisko La Santeko espetxean dago ordutik.
Laguntzak senideei
Bihar Zaratazarautz Bataila ekitaldia egingo dute Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan, 21:30etik aurrera. Hamar musika talde—Managaitz, Pottors ta Klito, Ernia, Hilkar, Txixaparrazta, Inor Ez, Metralleta, Humilitate, Erantzun eta MKT— ariko dira bi eszenatokitan zuzenean. Kontzertuetatik ateratako dirua Ekhiñe Eizagirre eta Ekaitz Sirventen bisitak ordaintzeko erabiliko da. Gauza bera egingo dute Anestesia eta Estricalla taldeen kontzertuko sarrerengatik lortutako diruarekin.
Bestalde, senideei eta gertukoei sakabanaketak eragiten dizkien gastuak leuntzeko bigarren eskuko azoka egingo dute Zarautzen, urtero legez. Abenduaren 22an izango da, Merkatu Plazan. Askotariko elementuak izango dira salgai bertan, besteak beste, liburuak, diskoak, jostailuak eta arropa. Egun osoan zehar bertaratu ahalko dute herritarrek bertara.
Azokan saldu ahal izateko materiala aurrez bilduko dute. Etxean soberan dituzten gauzak eraman ahalko dituzte herritarrek ondoko egun eta orduetan:
Abenduak 13, gaur, 19:00etatik 20:00etara
Abenduak 14, bihar, 11:00etatik 13:00etara
Abenduak 20, ostirala, 19:00etatik 20:00etara
Abenduak 21, larunbata, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
Egun eta ordu hauetatik kanpo zarauztarrek materiala eman nahi badute, , 661-956 140 telefono zebakira deitu dezakete.
Aristi, asteartean aske
Bestalde, asteartean dira askatzekoak Patxi Aristi zumaiarra, 09:00ak aldera. 1991ko abenduaren 11an atxilotu zuten Angersen (Frantzia), lau urtez sasian egon ostean. ETAko kide izatea leporatuta, Frantziako eta Espainiako hainbat espetxetan egin ditu 22 urte.