Joseba Tapia: "Bazituen izarrak eta bizarrak Tximela kapitainak"

Aritz Mutiozabal 2013ko abenduaren 13a

Kontzertu-solasaldia eskainiko dut Joseba Tapiak (Lasarte, 1964), Tximela kapitainaren izarrak disko berria aitzakia hartuta. «Aurkezpen ezberdin bat egin nahi nuen, eta Arranon probatuko dut. Oso hasieran gaude oraindik, eta errodajea hartzeko balioko dit Zarauzko emanaldiak». Saioa bihar  izango da, 20:00etan hasita, Arrano elkartearen bun­kerrean. Luis Rezola Arana, Tximela kapitaina. Nola eduki zenuen haren berri? Nik ez nekien nor zen Luis Rezola. Inork esan izan balit Villabonan  gudari kapitain bat bizi zela, Dueson preso egona, bertso mordo bat idatzi zuena, ez nion sinetsiko. Zorte handiegia izango litzateke; oker ez banago, garai hartako kartzelaldiez oso bertso gutxi dago. Egia zen, ordea. 1993an hil zen, eta hogei urte baino ez dira. Ezagutu nezakeen. Baina bere bertsoak argitaratu izan ez balira, segur aski, bazenik ere ez nuen jakingo. 1937an,  preso zela idatzi zituen testuak. Nola egin zenuen topo haiekin? Urte askoan, Antonio Zabala ibili zen bertsoak jasotzen eta argitaratzen. 300 liburu inguru publikatu zituela uste dut, pentsa zer altxorra daukagun eskura! Zabalak Luis Rezolaren bertsoak ere argitaratu zituen, bi tomotan gainera: Bakardadeko ametsak I eta Bakardadeko ametsak II. Hantxe zeuden bertso eder hauek. Zer sentitu zenuen irakurritakoan? Bertsolari arrunta zirudien gaztetan. Gaiak eta bertsokera ezaguna egin zitzaidan: Prantxiskaren atzetik, Eusko bizitza eta ohiturakGazte kontuak… Ni bertso­zalea naiz, eta hauek ere gustura irakurri ditut. Familian Pello Errotarenak eta Udarregirenak kantatzen zituen aitak, eta umetan buruz ikasi nizkion batzuk. Itu­­rriotzen egun pasa sailean sega apustu baten berri ematen du, eta gure osaba trikitilaria aipatzen duenez, poza hartu nuen. Hala ere, kontuan hartu behar da hogei urte zituela horrelako bertsoak egin zituenean. Kartzelakoak irakurri nizkionean bestelako zirrara eragin zidan, beste pertsona bat zen Duesoko Luis Rezola: heldua, zaildua, nortasun handikoa… Kantatu beharra sortu zidaten berehala, kantatu eta ezagutaraztea. Zeintzuk dira kapitainaren izarrak? Kapitain bezala hiru izar zeuzkan, baina gerran irabazitako horiei beste izar batzuk erantsiko nizkioke nik Tximelari: espetxean ere borrokan jarraitzea tropa animatzen eta morala jasotzea; epaileen aurrean ez makurtzea; fusilamenduaren beldur izanik bere idealetan tinko jarraitzea; bertsoak idaztea, guk gerora jakiteko zer izan zen gure historiaren zati hori; idazte horretan molde libreak saiatzea… Meritu asko ditu Tximelak. Gainera, askatu zutenean erresistentzian jarraitu zuen, eta bigarrenez espetxeratu zuten. Bazituen, bai, izarrak eta bizarrak Tximela kapitainak. Memoria historikoa berreskuratzeko ahalegina izan al da? Ez da hori izan asmoa. Lan handia da hori, eta jende askoren artean egitekoa. Helburu ederra da, noski, ezkutuan gorde digutena azalaraztea. Baina nik ez dut horrela funtzionatzen, eta, gainera, ez naiz ezertan aditua. Agur Intxorta maite diskoa gerra garaiko kantek osatzen dute. Nik uste nuen kanta bakarra geneukala, Eusko gudariak. Baina gero kanta mordoa azaldu zen paperetan miatzen hasita. Batzuk oso ederrak, gainera. Horregatik egin nuen diskoa, kantatzeko gogoa eman zidatelako. Gauza bera gertatu zitzaidan Eta tira eta tunba diskoarekin. Memoria historikoa berreskuratzen laguntzen dudala horrela? Hainbat hobe! Baina nik ez dut programatuta funtzionatzen. Barrenak agintzen dit. Hitzetan arnas luzea antzematen da, mina eta gordintasuna. Musikak ere errealitate hori islatu behar zuen? Horretan saiatu naiz, bai. Egoera larria erakusten du Tximelak: anaia bat hila, bestea larri zauritua, ama Bartzelonan, lagunak fusilatuak, zorri kintalak gorputzean, gosea… Larritasun hori adierazteko  tresna egokiena gitarra ze­­la pentsatu nuen, sei zaineko gitarra klasikoa. Eta berarekin hasi nintzen doinuak egiten. Kanta-idazleen estiloa ikusten nuen egoki, eta molde horretara jo nuen. Hori izan zen abiapuntua. Gero, sotila izan behar zuela ikusi nuen. Gitarrarekin bakarrik na­hikoa zela iruditu zitzaidan, bere xumean indar dramatiko handia hartzen zuelako. Azkenik, txeloaren laguntza eskatu nuen. Sekula lan egin gabea nintzen tresna horrekin, eta Luis Fernandezek txeloaren sakona irakatsi zidan, izugarria. Moldaketak egiten hasi nintzen, eta bi tresna horie­kin kantek indar handia hartu dute. 18 abesti jaso dituzu. Aukeraketa baten ondorio izan al dira? Gai bera, ikuspegi bera, gertakizun bera errepikatua ageri da zenbait bertsotan. Horrelakoetatik interesgarria egiten zitzaidana aukeratu dut. Kronologia bat bilatu diot kanten hurrenkerari, preso erortzea, ziegaren estua, zorriak, gosea, epaiketa… Bariatua eta atsegina egiten dela esango nuke. Kanta motzak dira gehienak, metrika aldetik ere bariazio handi samarra baitute. Melodietan karga handia dagoela iruditzen zait, eta hitzaren garratzak eta tarteko umoreak horixe behar zuten, sotiltasuna. «Sei zaineko gitarra batek lagundu dit idatzia kantu bihurtzen». Haren testigantzak gitarraren doinu al zuten bada? Ez dakit gitarra doinurik zuten Tximelaren bertsoek. Ez dakit txistua zeukan buruan letrak idazterakoan, organoa zeukan edo bertso doinu zaharrak, besterik gabe. Ni emaitza horretara eraman nau testuak, eta proba dezente egin ondoren erregistroa topatu dudala esango nuke. Nire proposamena da noski, eta beste asko eduki ditzakete. Baina uste dut asmatu dudala letretan ageri den espiritua islatzen. Jendeari, behintzat, arraroa egingo zaio zure eskuetan trikitia beharrean gitarra bat ikuste. Urte asko daramat gitarrarekin. Tapia eta Leturia Band-eko kantak gitarra elektrikoarekin egiten nituen, gero zuzenean erabili ez arren. Beharbada hori izango da bitxiena. Gauza bat da etxean jotzea eta bestea tranpaldora igotzea gitarra hartuta. Ikusiko du­gu. Oraintxe hasi naiz zuzenekoetan, eta geure buruak neurtuko ditugu. Nolanahi ere, kantuan ari naiz aspalditik, eta indar handiena kantuak duela esango nuke. Horretan aski ohitua nago. Gitarra leun joango da atzetik, eta txeloak ere lagunduko dit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide