Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hondarrezko Gazteluak taldeak arkitektura tailerra eskainiko du gabonetako oporretan ere. Zehazki, abenduaren 26an eta 27an Ebro Etxean, eta abenduaren 28an kalean, tailer ireki baten bidez. Hori aurreko eskolen jarraipena izango da. 10:30etik 12:00etara iraungo dute eskolek. 6-10 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da. 10 plaza daudenez aurrez eman beharko da izena, hondarrezkogaztelua@gmail.com helbidera mezua bidalita edo 943-865568 edota 686-694885 telefono zenbakietara deituta. 30 euro kostako du.
Triangelu ekilateroaren inguruan eta fraktilitatearen aukerez jardungo dute haurrek ikastaro horretan, bi bideratzaileekin. Opari gisa, espazio publikoan modu irekian triangelu oinarria duen hiru dimentsiotako egitura bat eraikiko dute azken saioan. "Garrantzitsua iruditzen zaigu pertzepzio espaziala eta arkitekturaren osagarriak haurrekin lantzea. Tresna hauekin orienta daitezen eta askotariko espazioak uler ditzaten; era berean, ingurune urbanoa, bizi garen eszenatokia, barneratzen eta errespetatzen ikasiz", adierazi dute antolatzaileek.