'Mugi' txartela erabili ahalko da Zarautzen herriko autobusean urtarrilaren 8tik aurrera

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 12a

Mugi txartelaren bidez integrazio tarifarioan sartuko da herriko autobus zerbitzua, urtarrilaren 8tik aurrera. Ildo horretatik, orain arte Bidai on txartela erabili dutenek txartel berria eskuratu ahalko dute. Herriko hainbat puntutan lortu ahalko dira: Biyonan (Gipuzkoa Kalea, 64), Urquia dendan (Kale Nagusia, 26), Alicia liburudendan (Araba kalea, 1), Luma liburudendan (Foruen kalea, 12), San Frantzisko kaleko kioskoan, Mega Ciber Zarautz dendan (Orape kalea, 12), Lau okindegian (Araba kalea, 3), Amaloi pasteldegian (Zigordia kalea, 51) eta Gaztelu pasteldegian (Axular kalea). Mugi indarrean jarri artean litekeena da Bidai On txartelean dirua sartu eta behin prozesua amaituta oraindik ere dirua geratzea txartelean. Kasu horietan, Zarauzko Udalak itzuliko die herritarrei erabili ezinda txartel zaharren geratutako dirua. Autobusean bertan, bidaia ordaintzerakoan kontsultatu ahalko dute zarauztarrek txartelean zenbat diru duten pilatuta eta baita Etxezabalan ere, bertan dagoen gailuaren bitartez.  Dirua jasotzeko inprimakia ere Etxezabalan izango da eskuragarri eta baita udaletxean edota haren webgunean  ere. Behin inprimakia beteta, txartel zaharrarekin batera eman beharko da udaletxean edo Etxezabalan. Udalak kasu bakoitza baieztatuko du, eta transferentzia bidez itzuliko die dirua herritarrei. Dagoeneko egin daitezke eskaerak, irailaren 30a bitartean. Epe luze horren helburua heritarrek kudeaketa egiteko lasaitasuna izatea da, harrera lehiatilan ilarak sortu ez daitezen. Deskontu handiagoak Hainbat abantaila izango du Mugi txartelak. Hori zenbat eta gehiago erabili, orduan eta deskontu handiagoak lortzeko aukera izango du erabiltzaileak. Gainera, talde bereziek hobariak izango dituzte, hala nola, gazteek, adinekoek, urritasun fisikoa dutenek, pentsiodunek, diru sarrerak bermatzeko errentaren titularrak, onuradunak direnek eta beste askok. Gainera, Mugi txartel sistemak herriko autobusez gain, Gipuzkoako garraiobide publikoetan ibiltzeko aukera ere ematen du. Ehuntzen planeko 14. puntuan aurreikusi bezala, Zarauzko Udalak herriko autobusa integrazio tarifarioan sartzea sustatu du. Aldaketa horrekin garraiobide publikoaren erabilera indartzeko asmo du udalak. Mugikortasun eredu berri baten alde egiten ari den lanaren baitan, "ezinbestekotzat" jotzen du garraio publikoaren erabilera sustatzea, ibilgailu pribatuen aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide