Azpeitiko Udalak abenduaren 3an, Euskararen Egunean, onartutako Euskara Erabilera Planaren V. Plangintzaldia aurkeztu dute gaur Kontxita Martija Euskara batzordeburuak eta Iratxe Ibarra Uema Udalerria Euskaldunen Mankomunitateko teknikariak. 2013tik 2017ra egongo da indarrean plana, eta udaleko Euskara Patronatuak eta Uemak elkarlanean osatu dute.
Ainhoa Beristain zinegotzia, Martija eta Ibarra (Argazkia: Erabili.com)
Euskararen erabileraren normalizazioa sustatzeko «udalak herritarren aurrean eredu» izatearen garrantzia nabarmendu du Ibarrak. Horretarako, udalaren gaur egungo egoeraren diagnostikoa izan dute abiapuntu. Diagnostiko hori egiteko, «zerbitzuburuekin aurrez aurreko elkarrizketak» egin dituzte. «Ahalik eta errealistenak izateko eskatu zitzaien, egoera benetan nolakoa den garbi izatea garrantzitsua baita». Onartutako planak lau urterako helburuak jasotzen ditu, udalaren irudi korporatiboari, barne harremanei edota kanpo harremanei dagozkienak. Horrez gain, urtean urteko kudeaketa planak osatuko dituzte. Planaren garapena modu egokian zaintzeko jarraipen batzordea ere eratuko dute.
Uemak bere baitan hartzen dituen udalak lau multzotan sailkatuta ditu, euskararen erabileraren mailari dagokionez. Sailkapen hori kontuan hartuta, Azpeitia «gorabidean» (nagusiki euskaraz eta ele bietan, euskarari lehentasuna emanda, funtzionatzen dutenak) dagoela esan du Ibarrak. «Emaitza ona da, herri handia dela kontuan hartuta». Udalaren diagnostikoaren emaitzetan «esanguratsuak» egin zaizkion datuak eman ditu teknikariak: «Batetik, udal langileen arteko ahozko erabilera altuagoa izatea espero nuen, inguru hau oso euskalduna dela kontuan izanda. Eurek aitortu dute, ordea, erdararako joera handia dutela, edo elkarrizketak euskaraz hasi eta erdaraz bukatzekoa, batik bat adin batetik gorakoen artean. Datu positiboa udalak egin duen lana da. Adibidez, ordenagailu guztiak euskaraz ditu, eta hori ez dut ikusi udal askotan».
Kontxita Martija Euskara batzordeburuak, berriz, 1990eko hamarkadan egiten hasitako lehen urrats haietatik gaur arte udalean euskararen erabilera sustatzeko egindakoa errepasatu du. Lehenengo lanak 1990-1995 epealdian egin zituzten, baina garai hartan administrazioak «erabat gaztelaniaz funtzionatzen» zuela gogoratu du, «baita Azpeitikoak ere». Honen arabera, aldaketa nagusia 1997an Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretu batekin etorri zen; udal guztiak euskara planak egitera behartzen zituen dekretu hark. «Harrezkeroztik 16 urte igaro dira. Urte hauetan guztietan lan asko eta handiak egin dira Azpeitiko Udalean euskara gero eta gehiago erabiltzeko».
Ahalegin horrek emaitzak izan ditu: Urrezko Bikain Ziurtagiria eskuratu zuen udalak 2009an. Bikain ziurtagiria eskuratu duen lehenengo udala da Azpeitikoa. Beraz, «aurrerapauso handiak» eman dituztelakoan dira. «Baina oraindik badugu zer eginik». Zeregin horietan aurrera egiteko taxutu eta onartu dute, hain zuzen ere, 2013tik 2017ra iraungo duen Udal Barruko Euskara Plana.