Orioko iazko herri lasterketako irudi bat (Aiora Larrañaga/Hitza)
Behobia-Donostia lasterketarekin batera, kros eta lasterketa denboraldia pil-pilean izaten da, eta hilabete hauetan zehar asko izaten dira Euskal Herrian zehar antolatzen diren lasterketak. Aurreko urteetan bezala, Orioko III. Herri Lasterketa antolatu du Orioko Herri Ikastolak abenduaren 22rako, baina 2014ean Gipuzkoako Ikastolen Kilometroak jaia ospatuko denez herrian,
Erria txikota! Kilometroak 2014 leloan bilduko du kirol hitzordua .
Antolatzaileek jakin badakite gero eta gehiago direla urtean zehar korrika aritzen diren herritarrak, eta aurreko edizioan bezala, aurten ere korrikalarien askotariko maialetara moldatutako ibilbidea diseinatu dutela zehaztu dute.
Bi ibilbideko lasterketa
Orioko III. Herri Lasterketak bi ibilbide izango ditu. Alde batetik, 7 kilometroko bidea izango du, eta bestetik, 14 kilometrotako ibilbidea egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek. Lasterkari guztiek Oria itsasadarrean barrena egingo dute korrika, hondartzatik Arraunetxera bitartean osatutako ibilbidean, baina 14 kilometro egingo dituztenek bi itzuli egingo dituzte. Antolatzaileek adierazi dute paisaia eta inguru ederraz gozatzeko aukera izango dutela lasterketan parte hartzen dutenek.
Lasterketak bi ibilbide izango baditu ere, parte-hartzaile guztiak batera abiatuko dira 11:00etan ikastola aurretik. Dena dela, korrikalariek lehenago bildu beharko dute, ikastola inguruan 09:30etik 10:30era bitartean dortsalak banatuko baitituzte.
Izen-ematea hilaren 19ra arte
Lasterketan parte hartu nahi dutenek www.kirolprobak.com helbidean eman beharko dute izena. Txip horia duten parte-hartzaileek 12 euro ordaindu beharko dute, eta txip horia ez duten lasterkariek, berriz, 13 euro.
Izena emateko azken eguna abenduaren 19a izango d,a eta 250 laguneko gehienezko kopuruagainditzen bada, itxaron zerrenda izango da zabalik.