Jantzigintzako arkitektoa

Onintza Lete Arrieta 2013ko abenduaren 12a

Amaia Casado eta Katrin Gonzalez, aulkien maketen aurrean. Zortzi hilabeteko prozesua izan da, eta denbora erdia Balentziagaren jantziak aztertzeko izan dela azaldu dute (Onintza Lete Arrieta/Hitza) "Mutilek meritu gehiago dute, lau hilabete igaro ditugulako Balentziagaren soinekoak aztertzen". Hitz horien jabea ez da moda diseinatzaile bat, Katrin Gonzalez arkitektura ikaslea baizik. Cristobal Balentziagaren azken urteetako jantzi esanguratsuenetan oinarrituta, aulkiak diseinatu eta egin dituzte EHUko Arkitektura Eskolako ikasleek, eta Balentziaga Museoan daude ikusgai. Emaitzarekin gustura dago Gonzalez, «prozesua gogorra» izan dela aitortu duen arren. Ikasle zarauztarrak irakaslearen alboan egin ditu adierazpenak, museoan bertan. Amaia Casado zarauzko bizilaguna da proiektuaren koordinatzailea, baita sortzailea ere. Iaz lanparak egin zituzten arkitektura ikasleek. «Aulkiak egitea zailagoa da, baina behintzat aurtengo ikasleek bazekiten jantzi batzuetan oinarrituta lanparak egitea posible zena. Iazkoentzat lehen aldia izan zen, eta hasieran larritu egin ziren», gogoratu du Casadok. Baina berak argi eta garbi lotzen ditu bi modalitateak. Arkitektura eta moda. «Nik Balentziagaren lana ez nuen ezagutzen, eta museo ireki zutenean etorri eta maiteminduta gelditu nintzen. Balentziagaren jantzietan arkitektura ikusten nuen une oro. Materialetan, materialak elkarrekin lotzerakoan… dena arkitektura zen niretzat». Orduan bururatu zitzaion Balentziaga ezartzen proiektuan izango zena lantzen hastea. «Pentsatu nuen: hau arkitekto bat da! Arkitekto perfekto bat. Gainera, beti esaten da bere jantziak eskultorikoak direla, arkitektonikoak, eta egia da. Unibertsitatean eraikuntzaren eta proiektuaren inguruko lau hilabeteko tailer bat eman behar nuen, eta argi ikusi nuen», azaldu du. «Balentziagaren bizitza eta lana ezagutzeko aitzakia gisara» jarri zien ikasleei ariketa. «Zerbait eraiki behar zen, eta hasieratik bukaeraraino egitea nahi nuen prozesua. Lau hilabetetan egiteko zerbait txikia behar zen, eta azkenean lanpara aukeratu nuen. Arkitekto ezagun askok egin dituzte lanparak XX. mendean», kontatu du Casadok. Aurten zortzi hilabetekoa izan da hautazko irakasgaia, eta Naiara Zuazua irakaslearekin elkarlanean egin dute aulkien diseinuaren inguruko proiektua. Errealitatean bezala, irakasgaian ere hainbat mugarekin eta baldintzarekin egin dute topo ikasleek. «Diseinua mugen menpe dago. Baldintzak ematen dizkizu diruak, denborak, materialak…. Baldintzen araberako diseinua egiten duzu. Kasu honetan, antzekotasuna eduki behar du Balentziagaren jantziarekin. Eta ez bakarrik formaz edo itxuraz, sakondu eta beste antzekotasun batzuk ere behar ditu izan: kasu honetan diseinu industrialeko prozesu batetara eraman ditugu eraikitzeko modua, kontrasteak eta loturak, besteak beste». (Balentziaga Museoa/Onintza Lete Arrieta) [Katrin Gonzalez zarauztarrak eta Ainhoa Sagastume tolosarrak egindako aulkia da hau. Cristobal Balentziagak 1956an egin zuen koktel soinekoa erabili dute aulkia diseinatzeko oinarritzat. «Mugikortasuna du soinekoak. Gona lepoan lotzen den kapa bezala erabil daiteke, momentuaren arabera, eta aulkiarentzat joko asko ematen zuen horrek. Mugikortasun hori islatu dugu aulkian, hori izan da puntu indartsuena. Kapa hori manta modura erabili dugu. Batzuetan ezkutuan gelditzen da, eta besteetan kanpoan», azaldu du Gonzalezek. onintza lete arrieta-balentziaga museoa]. Lehenengo prototipoa Casadok azaldu duenez soinekoaren baldintzak «oso indartsuak» izan dira. «Eta horregatik erosotasuna eta ergonomia baldintzatuta egon dira. Denek galdetzen dute erosoa den. Eta aulki asko ez dira erosoak». Hala ere, gogoratu du aulki hauek prototipoak direla, eta saltzeko balira gehiago landu beharko liratezkeela. «Aulki bat egiten baduzu saltzeko erresistentzia eduki behar du, prezioz merkea izan behar du eraikitzeko garaian, erosoa… eta hau ariketa bat da. Batzuk, garatuta, iritsi daitezke horretara, baina aulki bat garatzeko hamalau prototipo egin behar dira, eta hauek lehenengoak dira», azaldu du. Ikasleek ez dute lan erraza izan. Prozesua hasieratik amaierara esplikatu du Gonzalezek. «Ikasturte erdia igaro dugu soinekoa aztertzen. Soinekoaren eta aulkien maketak egin ditugu, eta soinekoen patroiak ere atera behar izan ditugu argazki batean oinarrituta. Marraztu, hori moztu eta josi. Antzik ez bazuen, probak egiten aritu gara, formak ateratzen. Neskentzat tira, baina mutilentzat gogorra izan da», esan du umoretsu. Aulkia eraikitzeko garaia iritsitakoan, ahal moduan aritu dira. Izan ere, EHUko Arkitektura Eskolan ez dute tailerrik horretarako. «Izatez badago tailer bat, baina eskolak emateko erabiltzen da, eta ezin duzu lana lasai egin, ezta bertan ezer gorde ere», azaldu du Gonzalezek. «Fakultatean faltan botatzen dugun zerbait da», gaineratu du Casadok. Hala, aulkiak nork bere etxean egin ditu. «Gure egongelak tailer bihurtu ditugu, eta ahal moduan egin dugu lan», esan du Gonzalezek. Umorearekin hartu dute zailtasun hori. «Aita batek nahi gabe ikasle baten aulkia apurtu zuen amaitu berri zuenean, eta berriz hutsetik hasi behar izan zuen», gogoratu dute irrifar artean. (Balentziaga Museoa) [Goiko irudiko aulkia da harrigarriena Amaia Casadorentzat eta Katrin Gonzalezentzat. Biak bat datoz aulkiak dituen alderdi onetan. «Soinekotik hartutako erreferentziak, aulkira eramanda, eta funtzioa, pila bat gustatu zait. Soinekotik atera duen idiograma bakarrik ikusita, aulkia ikusten duzu. Esaterako, umeen alturarako kuxina dauka azpian gordeta, eta behar denean gainean jar daiteke», azaldu du Gonzalezek. «Oso landuta dago», gaineratu du Casadok. Ikasleek irudimena erabili dute material merkeekin lan egiteko. Esaterako, aulki horretan kaferako erabiltzen diren zotzak jarri dituzte egileek]. Berrerabilpenera jo dute Ahalik eta material merkeenak baliatu dituzte aulkiak egiteko. Gonzalezek, esaterako, argi du: «Aulkia benetan egin beharko banu, ez nukeen neoprenoa erabiliko. Autoko segurtasun-uhalen materiala edo besteren bat erabiliko nukeen. Baina doan lortu nuen neoprenoa, eta horrekin egin dugu. Burdina, hori erabiliko nukeen bestela ere». Zati batzuk etxean egin dituzte, eta beste batzuk aroztegi edo lantegietan. «Fabrikan eman diote forma burdinari. Autocad-eko planoa eraman, eta haiek egiten dute». Burdina edo egurra bezalako materialak asko errepikatu dituzten arren, 11 aulkietan material aniztasuna nabari da. Baita irudimena ere. Izan ere, kortxoa, kaferako plastikozko zotzak, Nespresso kapsulak, botila txapak, kartoia, eta abar erabili dituzte. «Egia da material asko eta askotarikoak erabili dituela bakoitzak, baina horretan ez genuen arretarik jarri orain arte», aitortu dute ikasle-irakasleek. Berrerabiltzera jo dute asko, kostuak merketzeko. «Aulkiak ahalik eta merkeen egiteko ingurukoek eskainitako materialak erabili ditugu sarri, eta horregatik da emaitza horrelakoa», azaldu du Gonzalezek. Ez da hori arrazoi bakarra, ordea. Ikasturtean hainbat adituren bisita izan dute eskolan, eta haietako batek material berrerabilgarriekin egindako diseinuak erakutsi zizkieten. «Oso aberasgarria izan zen, eta ideia asko eman zizkigun», dio ikasle zarauztarrak. Moda diseinatzaileak, aulki diseinatzaileak... elkarlana aberatsa izan dela uste du Casadok. «Polita izan da lan prozesua. Eskolatik kanpora atera gara ikustera nola diseinatzen diren jantziak, eta Minimil etxearen tailerreko ateak ireki zizkigun Kontxu Uzkudun diseinatzaileak. Asko lagundu digu, eskolara etorri zen. Aulkien diseinuan ere diseinatzaileek kontatu digute beren lana. Txema Garcia Amianok ere bai. Eraikitzeko ideiak eman zizkigun. Profesionalekin egon gara, eta asko ikasi dugu; nik bai behintzat, eta pentsatzen dut haiek ere baietz. Mundu horrek nola funtzionatzen duen ikusteko, harreman pixka bat edukitzeko ondo egon da». Izan ere, arkitektura ikasleen etorkizuna ez da beste sektore batzuetan baino emankorragoa ikusten momentuz, eta bide berriak irekitzea ona dela argi dute Casadok eta Gonzalezek. «Nik uste dut bide bat irekitzen zaiela ikasleei, beste ikuspegi bat, eta hori ona da, batez ere ezer eraikitzen ez den garai hauetan. Eta gutxienez diseinuan zerbait dagoela ikusten dute», azaldu du Casadok. «Bai, beste gauza batzuk egitea ere badugula ikusten dugu honela, piska bat zabaldu egiten da aukera», gaineratu du Gonzalezek. Ikaslea animatuta dago oso, eta bere aulkiarengan interesa duen enpresaren bat iristea du ametsetako bat. «Sekulako poza ematen du zuk zeuk diseinatu eta egindako zerbait jendeak atsegin duela ikusteak, eta jendearentzat erabilgarria dela ikusteak», esan du. (O.L.A./Hitza) [Urtarrilaren 5era arte qArkitekturako ikasleek egin dituzten diseinuak urtarrilaren 5era arte ikusi ahalko dira Getarian, Balentziaga Museoan. Beheko solairuan daude aulkiak, maketak eta prozesua azaltzen duten panelak. Informazio gehiagorako bisitatu webgune hau: balenciagaezartzen.blogspot.com]. Ikusi behintzat, ikusiko dituzte Balentziaga ezartzen proiektuko aulkiak. Hain zuzen, Getariako museoan jarri aurretik Bilboko Alondegian eduki dituzte ikusgai, eta Casado gustura dago esperientziarekin. «Iazko lanparak eta aulkiak, denak eraman genituen, eta jende asko igaro da lanak ikustera. Babesean egon dira, baina aldi berean kalera zabalik, eta oso interesgarria izan da», azaldu du. Urtarrilaren 5etik aurrera aulkiekin zer gertatuko den galdetuta, nork bere etxera eramango dituela azaldu dute. «Han baino hobeto ez dituzte inon zainduko», uste du Casadok. «Alondegira eraman dugun lanparetako bat ikasle baten amonaren etxeko sarreratik kendu behar izan dugu», esan du barrez. Lanparak bezain erabilgarriak ez dira izango aulki guztiak, Gonzalezek azaldu duenez. «Ni eseri naiz gure aulkian, arazorik gabe, baina ez dakit beste pisu bat duena jasango lukeen, kar-kar».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide