Ikasberri Krosaren aurkezpena. (Nerea Uranga)
Igandean (abenduak 15), Azpeitian, XVI. Ikasberri Krosa jokatuko da, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren ondoko zelaietan, Loiolara bidean. Eskolartekoen probak izango dira, eta federatuen maila askotako Gipuzkoako txapelak ere jokoan izango dira. 10:00etan hasiko da lehen proba eta 13:20an azkena.
1999an hasi zen Ikasberri Kirol Elkartea krosa antolatzen. Aurrena Goenan zuen zirkuitua, baina duela hiru urtetik ikastolaren ondoko zelaietan du ibilbidea. Ikasberrikoek antolatuta, aurten hirugarren aldiz jokatuko da Gipuzkoako txapelketa; Euskadikoa bi alditan egin dute.
Ikasberri Kirol Elkarteko presidente Roman Azkuek esan duenez, 500 parte-hartzaile inguru izan zen iaz, eta aurten Gipuzkoako txapelketa denez, gehiago izatea espero dute. Urte hauetan guztietan herriko hainbat denda eta enpresarengandik jasotako laguntza eskertu dute, eta Azpeitiko Udalari eta Azpeitiko Argazki Elkarteari ere eskerrak helarazi dizkiete, laguntzagatik.
Igandean federatuen lasterketez gain eskolartekoak jokatzea ere «atletismoa bultzatzeko ona» dela esan du Azpeitiko Kirol zinegotzi Manuel Unanuek. Era berean, udalak herriko ikastetxeekin atletismoa sustatzeko egin berri duen akordioa ekarri du gogora. «Azpeitian atletismoak oraindik egiteko asko du, eta ahalegin horretan bi adibide hementxe ditugu: Xabat Manzisidor eta Asier Cuevas», gehitu du Unanuek, kirol probaren aurkezpenean ondoan izan dituen bi atletak aipatuz.
Faboritoak eta zirkuitua
Cuevasek berak ez du parte hartuko igandean, baina txapela eskuratzeko faborito nagusiak zein izan daitezkeen aipatu du: «Eneko Agirrezabal sasoiko dago, Yeray Varela... Kamel Ziani ere ezin da ahaztu; gogoz dago hau ere. Emakumeetan, berriz, Ainhoa Sanz ondo dabil».
Xabat Manzisidorrek hartuko du parte krosean, baina gaur egungo ibilbidea baino Goenakoa gustukoagoa zuela esan du. «Gogorragoa zen, aldapa handiagoekin, baina niri gehiago gustatzen zitzaidan. Hala ere, Ikasberri ondokoa polita da». Horretan, Asier Cuevas ez dator bat Manzisidorrekin: «Kros bezala niri gaur egungoa gehiago gustatzen zait».