Orioko Udalak herriko edukiontzien kokapena aldatu du birziklatze tasa handizeko.
Aiora Larrañaga
Hondakinen gaiarekin arduratuta dago Orioko Udaleko Hondakinen Mahaia, eta herriko birziklatze tasa handitzeko bidean hainbat urrats egin du azken hilabeteetan. Izan ere, 2015 urte hasierarako herrian sortzen den hondakinen %65 birziklatzea lortu nahi dute udalbatza osatzen duten alderdiek. «Sortzen ditugun hondakinak ondo bereizi eta birziklatu behar ditugu. Denon ardura da udaletxeko balkoian egun %36 ageri den panelean 2015 hasieran %65 ikustea», azaldu dute. Dena dela, Orioko Udalak jakin badaki helburua bete ahal izateko herritarrei baliabideak eman behar dizkiela, eta edukiontzien mapa berria sortu dute. Urola Kostako Udal Elkartearen laguntza ekonomikoa izan du udalak edukiontzi gehiago jartzeko, eta aurrerantzean norbanakoez gain, komertzioetan nahiz elkarte gastronomikoetan sortutako hondakinak bereizita botatzeko birziklatze puntu gehiago izango dituzte herrian.
Gainera, errefusarentzat diren edukiontziak %60 gutxitu dituzte. «Organikoa ondo bereizita botatzeari eman nahi izan diogu garrantzia, frakzio hau baita egun gutxien bereizten dena Orioko etxeetan, komertzioetan eta elkarte gastronomikoetan», azaldu dute.
Kaleko edukiontzien mapa berria diseinatzerakoan hainbat irizpide kontuan hartu dituzte. Birziklapen puntu bakoitzean gutxienez hondakin organiko botatzeko edukiontzi bat jarri dute eta errefusa botatzeko edukiontziak bakarrik zeuden guneak kendu edo berrantolatu egin dituzte.
Edukiontzi txikia udaletxean
Udalak hondakinak gaika biltzeko edukiontziak jarri baditu ere, Orioko Udaleko Hondakinen Mahaiko kideek uste dute herritarrek ere urrats bat aurrera egin behar dutela. «Biohondakin ontzia erabiltzen hasi nahi dutenek udaletxean jaso ahal izango dute kubo txiki marroia eta kaleko edukiontzia irekitzeko giltza», azaldu dute.
Bestalde, auzokonponta egiten hasi nahi dutenek 943-83 03 46 telefono zenbakira hots egin edo
bulegoa@oriokoudala.com helbidera idatzi behar dute egitasmoan izena emateko. Inskribatzerako orduan oriotarrek non bizi diren zehaztu beharko dute eta eskaeraren arabera auzkonposta gune berriak egitea aztertuko du Orioko Udalak.