Unai Iturriagak irabazi zuen iazko Kopla Txapelketa.
Hodei Esteban
«
Ze emozio lehendabizikoz Putzuzulora sartzea/ espero dudan gauza bakarra bizirik ateratzea». Bota zuen Patxi Iriart hiriburuarrak iazko Kopla Txapelketan. Bizirik, eta zintzarri preziatua lepotik zintzilik dutela gaztetxetik ateratzeko asmoarekin etorriko dira aurtengo hitzordura ere Euskal Herri hainbat txokotako hamar bertsolari. Abenduaren 20an, datorren ostiralean egingo dute VII. Kopla Txapelketa Putzuzulo Amets Fabrikan, 22:00etan.Iazko txapeldunarekin, Unai Iturriaga durangarrarekin lehiatuko dira aurten Zarautzen bizi den Ainhoa Agirreazaldegi elgetarra eta Joan Mari Juaristi zarauztarra. Beste zazpik osatuko dute hamarrekoa: Anjel Mari Peñagarikano albizturtarrak, Larrabetzuko Etxahun Lekuek, Sustrai Colina urruñarrak, Antsoaingo Saioa Alkaizak, Ane Labaka lasarte-oriarrak eta Astigarragako Agin Laburuk.
Zazpigarren urtez, «Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako BECtekadaren digestio bizi-bizia egiteko» baliatuko dute kopla jaialdia. «Hamarreko handiaren edo bederatzikoaren aldean kopla askoz lotsagabeagoa eta biziagoa delako, izugarri maite ditugu erritmo txikiak», diote antolatzaileek. «Izan ere, sintesirako joera handia dugu, eta gustatzen zaigu itzulingururik gabe gauzak esatea». Hala izango da koplazaleen bilgunea aurten: «Bizia».
Sarrerak sei egun lehenago jarriko dituzte salgai; etzi, hain zuzen. Zarauzko Musika Plazara jo beharko da horiek eskuratzeko, 11:00etatik aurrera. Pertsonako ezingo dira bi sarrera baino gehiago erosi, eta bakoitza bost euro kostako da.
A
urkezle berriak
Aurten berrikuntzarik ez da faltako. Hain zuzen, bi aurkezle izango dira aurten, biak antzerki mundukoak: Hodei Unzueta eta Leire Ugarte. Bestela, ohiko egitura izango du txapelketak. Agurren ostean, bertsolariek hiruna saio egin beharko dituzte lehenbiziko zatian: librean binaka, ofizioka binaka eta zuzeneko musikaz lagunduta. Ohiko trikitilariek jarriko dute erritmoa, Oskar Estanga lekunberriarrarekin batera, besteak beste.
Sei koplari igaroko dira bigarren zatira , eta esaera zaharraren proba egin beharko dute binaka, eta beste bat gaia emanda. Sei horietatik bi onenek hiru ariketa egin beharko dituzte final handian: librean binaka, bakarka objektu bat emanda eta ofizioka. Urtero legez, ikusleek aukeratuko dute aurtengo irabazlea.
Aurreko urteetan kopla txapelketako zintzarria irabazi dutenak ondorengoak izan dira: 2007an, Maddalen Arzallus; 2008an, Igor Elorza; 2009an, Julio Soto; 2010ean, Amets Arzallus; 2011ean, Beñat Gaztelumendi, eta iaz Unai Iturriaga. Irabazlea hurrengo ediziora gonbidadu ohi dute, eta oraingoz ez du inork bitan irabazi.