Getariako autobus geltokian jarri dute adierazguneetako bat. Aiora Larrañaga
Getariako Udal Gobernuak adierazguneetatik kanpo herrian dauden kartel eta pankartak erretiratu eta pintadak kentzeko eskatuko dio aurrerantzean udal gabitzaileei. EAJk eskatu zuen hala egitea, mozio bidez, azaroko plenoan. Bilduk aurka bozkatu bazuen ere, Getaiko Independienteek babestu zuten proposamena eta aho batez onartu zuen Udalbatzak.
EAJko bozeramaile Andoni Aristik adierazi du orain Nika Lertxundiri, alkateari dagokiola hori bete eta indarrean jartzea "herritarren gehiengoaren ordezkaritzaren erabakia errespetatuz". Getariako Udalak herriko hainbat gunetan adierazguneak jarri ondoren, horietatik kanpo dauden kartel eta pankartak kentzea eta pintadak ezabatzea "bidezkoa" dela gaineratu du. Izan ere, ekintza horiek "herriari itxura zikina besterik ez diotela" ematen dio Aristik: "Pentsatzen dugu herriko talde, elkarte nahiz norbanakoen adierazpen askatasunari bide emateko-eta gune aproposak direnez, beste bazter guztietan zintzilikatu, itsatsi eta are gehiago, egiten diren pintada guztiak soberan daudela".
Bozeramaile jeltzalearen arabera, Getaria herri "erakargarria" da eta azken boladan "are gehiago" Balenciaga Museoa ireki zutenetik: "Jende gehiago etortzen da, eta hauetako asko bertako kaleetan ibiltzeaz gain, denda eta jatetxeetara joaten dira. Getariarentzat aberasgarria da hori, eta horregatik zaindu beharra daukagu herri garbiaren itxura". Alde horretatik, "eskaintzen dugun kalitateari garbitasuna" gehitu behar zaio, "getariarrek merezi dutelako eta bisitariek ere baita". "Ez baitago mudnuan herririk bere zikinkeriarengatik edota utzikeriarengatik inor erakartzen duenik".