Atzera goaz aurrera ez bagoaz dio esaldi batek eta hori da Karkarak hartu duen bidea: aurrera egitearena. Duela 14 urte hilabetekari izatetik hamaboskari izatera pasa zen gure aldizkaria, baina gaur egun bizi dugun informazioaren aro berriak beste itzuli bat ematera behartu gaitu.
Hilabetekari izateak ez du esan nahi informazio gutxiago jasoko duenik herritarrak. Ez eta produktu gutxiago jasoko duenik. Papereko produktua irauli eta patxadaz, informazio eta eduki landuagoekin eskainiko dugu urtarriletik aurrera.
Hala, webgunean ere indar gehiago izango dugu. Egungo eskakizunetara egokitzeko gogoz dago Karkara. Eduki multimediak ditu gustuko etxean dagoenak, ez albiste soilak. Horiek guztiak txukun bilduko dituen webgune berritu bat ere martxan jarriko dugu datozen hilabeteetan papereko produktu berrituaz gainera.
Horretarako lanean ari gara gaur egun Karkara taldean. Sare bat osatu nahi dugu, herritarrok guregana gerturatzea nahi dugu. Idaztera, eduki multimediak zabaltzera… nahi dugu animatu Aiako eta Orioko komunitatea. Guztiek izan dezatela beren tokia Karkaran.
25 urteko ibilbidea
Urte askotako ibilbidean beste aldaketa bat gehiago baino ez da izango datorrena. Aurreneko urtean bi zenbaki baino ez ziren kaleratu, gero hiruhilabetekari izatera pasa zen eta 1992an hasi zen hilabetekari gisan funtzionatzen Karkara.
Orain, ordea, berehalakotasunaren aroan bizi gara eta informazioa toki guztietatik iristen da. Horrek ere aldaketak ekarri ditu gurean eta iritzi eta bestelako kolaborazioak leku zabalagoa hartzen joan dira Karkaran. Orain are eta gehiago zabaldu nahi dugu ate hori. Datorren sanpedrotan beteko ditu 25 urte Karkarak eta zerbait polita egin nahi dugu.
Hemen ikusi dezakezue Karkararen bilakaerari buruzko aurkezpen labur bat.