Herritarrek erabakitako proiektuak emendakin gisa sartu dituzte foru aurrekontuetan

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 11

2014ko foru aurrekontuetako 500.000 euro inbertitzeko zazpi proiektu erabaki zituzten duela bi aste Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezileko eta Zestoako biztanle batzuk, eta aldundiak dagoeneko emendakin gisa sartu ditu aurrekontu orokorretan. Urtea amaitu baino lehen dira onartzekoak. Era berean, prozesuan parte hartu duten herritarretako batzuk bilera egin zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariekin. Talde politikoei egitasmoak aurkeztu zizkieten, proiektuak herritarrak erabakitakoak direla «defendatuz». Martin Garitano diputatu nagusiak, Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak eta Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako zuzendariak herritarrek aurkeztutako zazpi proiektuen berri eman, eta prozesuaren inguruko balorazioa egin zuten herenegun. Ruiz de Larrinagak balorazio «oso positiboa» egin du, besteak beste «demokrazian sakontzeko egitasmoa» izan delakoan. «Emandako urratsekin denok ikasi dugu gauzak beste modu batean egiten, eta elkarren artean beste harreman batzuk saretzen». Egitasmoaren bidez «kudeaketa publiko gardena» lortzen dela, «herritarrek lehenetsitako beharrei» erantzuten zaiela, eta «herritarren eta erakunde publikoen arteko harremana indartzen» dela nabarmendu du Herritarren Partaidetzarako zuzendariak. Ogasun eta Finantza diputatu Elena Francoren iritziz, halako proiektu bat hasteak aldez aurretiko «konpromisoa» eskatzen du. «Konpromisoak ezin du itxurazkoa izan, benetako baizik. Emaitza jakin aurretik herritarren iritzia errespetatzeko konpromisoa hartu genuen, erabakia edozein izanda ere. Bestela, emaitzak ikusi ondorenean onartzea erraza da, baina hori ez da zilegi». Horregatik ez dituzte sartu Urola Erdiko zazpi proposamenak aurreproiektuan, «artean ez zirelako ezagutzen». Hala, zatikako zazpi emendakinen bidez sartu dituzte orain. «Aurrekontuari egin ohi zaizkion zuzenketen prozedura bera erabiliko da». Bilduk tramitatu ditu zazpi emendakinak Batzar Nagusietan. «Proiektu horiek aurrekontuen barnean egin daitezen nahi dugu, eta horregatik sutsuki defendatuko ditugu aurrekontuen negoziazioetan». Garitanok gogoratu du egitasmo pilotua izan dela; hau da, «laborategi bat». Jakinarazi duenez, beraz, aurrera begira aldundiaren asmoa da aurtengo esperientzia baloratu, «hobetu beharrekoa hobetu», eta hurrengo urtean Gipuzkoako beste eskualde batzuetara zabaltzea. «Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat benetan garrantzitsua da, herritarrei hitza emateaz gainera, proposamenak egiteko eta erabakiak hartzeko aukera ematea, horixe delako demokrazian sakontzeko bide bakarra». Proiektuak, hurrengo urterako Foru Aldundiak duela hainbat hilabete hasi zuen egitasmoa, Urola Erdiko biztanleek erabaki zezaten aldundiak 500.000 euro zertan inbertitu hurrengo urtean. Herriz herri bilerak egin ostean, Azpeitian erabaki zituzten honako zazpi proiektuak: mendietako bidezidorrak txukuntzea (110.000 euro), burujabetza energetikorako plangintza egitea (65.000 euro), haur eta gazteen parte hartze programa osatzea (45.000 euro), oroimen historikoa lantzea (22.000 euro), eskualdeko historia berreskuratzeko plangintza egitea (30.000 euro), baserri bideak konpontzea (150.000 euro), eta Lasao- Zestoako trenbidea egokitzea (78:000 euro).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide