Asteartetako azoka abiatu dute gaur Aian, eta astero egingo dute aurrerantzean

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 10a

Asteartetan azoka egingo dute Aian. (Argazkia: Aiora Larrañaga) Gaur goiz-eguerdi partean Aiako plazak ezohiko itxura hartu du, frutategia, bakailao eta gazta postua, eta arrropa postua jarri baitituzte bertan. Aiako asteartetako azokaren lehen eguna izan da gaurkoa, eta udaleko ordezkariak, postua jarriko duten merkatariak eta herritarrak «gustura» daude egitasmo berriarekin. Merkatariengandik sortutako egitasmoa izan dela aitortu du Aiako alkate Igor Itunaiek. «Zenbait herri txikitan azokak egiten hasi dira, eta merkatariak etorri zitzaizkigun Aian horretarako aukerarik izango litzatekeen galdezka». Hasiera batean, udaleko ordezkariek hainbat zalantza izan zuten, ez baitzekiten Aian azokak harrera ona izango ote zuen. «Goiz eguerdi partean ez da jende gehiegi ibiltzen herrigunean, herritar asko kanpora lanera joaten baitira. Horrek zalantzak sortzen zizkigun. Hala ere, Aizarnazabalgo esperientzia ezagutu genuen, eta inguruko auzoetatik eta baserrietatik jendea hurbiltzen dela ikusita, gu ere Aian azoka egitera animatu ginen, eta merkatariei horretarako baimena eman diegu», adierazi du Iturainek. Gaur lehen eguna izanda, hiru postu jarri dituzte: fruta denda, bakailao eta gazta postua eta arropa postua, hain zuzen ere. Hala ere, hurrengo azoka egunetan urdaitegia eta oliba postua ere jarriko dituzte. Herritarren joan-etorria Gaur goizean plazara hurbildu diren herritarretatik asko harrituta geratu dira bertan postuak ikusita, baina gehienek «gustura» hartu dute azoka. «Niri primeran iruditzen zait herrian azoka egitea, baina uste dut herriko merkataritza eskaintza osatu beharko lukeela. Frutategia jarri dute, baina Kooperatiban eta harategian ere fruta saltzen dute. Uste dut aurrera begira herrian erosi ezin diren produktuak saltzen dituzten postuak ekarri beharko liratekeeela», adierazi du herritar batek. Aiako azokaren helburuetako bat herrigunean herritarren joan-etorria eta giroa sortzea da. Horregatik, goiz eguerdi partean harrera apala izaten badu, arratsaldean egitea ere probatuko dute. Dena dela, arduradunek jakin badakite Aian azokak herritarren artean ezagutarazteko denbora beharrezkoa izango dela. «Herrigunean bizi denak jakingo du, baina auzoetan bizi direnek eta baserritarrak pixkanaka izango dute azokaren berri», azaldu du Aiako alkateak. Iritzi berekoa da Lander Garcia ere. Aiako azokan bakailao eta gazta postua jarri du . «Herri txikietan azokak sortzen ari dira, eta denbora behar izaten dute herritarren artean ezagunak egiteko. Aizarnazabalen ere izaten gara, eta astez aste jende gehiago hurbiltzen dela konturatu gara», azaldu du. Udaleko ordezkariek eta merkatariek uste dute azokaren balorazioa egin, eta herritarren artean izan duen harrera ezagutzeko bi hilabete inguru utzi behar zaizkiola.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide