Oihane eta Naiara Larrañagak diseinatuko dute Azpeitiko sansebastianetako karroza

Nerea Uranga 2013ko abenduaren 10a

Oihane eta Naiara Larrañaga. Etchola Atelier enpresako Oihane Larrañaga eta Naiara Larrañaga azpeitiarrek diseinatuko dute datorren San Sebastian egunean (urtarrilak 20) haurren danborradan aterako den karroza. Karrozaren diseinuaren lehiaketa irabazi dute, 1.500 euroko saria eskuratuz.Karrozak gaia Imanol Elias Odriozola (1936-2013) azpeitiar idazlea, historialaria eta herriko kronista ofiziala izango du. Karrozaren lehiaketara bost proiektu aurkeztu dira. Joan den asteazkenean aukeratu zuten irabazlea aho batez Azpeitiko Udaleko Kultura, Festa, Hezkuntza, Gazteria eta Euskara batzordean. Batzordeko arduradunek azaldu dutenez, Oihane eta Naiara Larrañagak aurkeztutako proiektuak lehiaketan eskatutako baldintza guztiak betetzen ditu."Gainera, karrozan goraipatu behar den gaia modu egokian eta profesionalean azaldu dute. Imanol Eliasen sentimendua eta izaera bizitzan zehar, ikertzaile bezala eta idazle lanean modu eguneratuan aurkeztu dute". Lehiaketara aurkeztu diren proiektuen egileei eskerrak helarazi dizkie Azpeitiko Udalak, "eskerrak ematearekin batera, zorionak eman beharrean gaude lehiaketan parte hartu duten guztiei, aurtengo edizio honetan profesionaltasun eta kalitate handiko proiektuak aurkeztu baitira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide