Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
2013ko kirolari onenak aukeratzeko prozesua abiatu du Zarauzko Kirol Patronatuak. Lehenbiziko fasean, kirol taldeek egindako proposamenez gain, herritarrenak ere izango dituzte kontuan. Interesa duen orok har dezake parte hautaketa horretan, eta horregatik sariak "adierazgarriagoa eta esanguratsuagoa" izaten dira.
Dagoeneko herriko kirol taldeekin jarri da harremanetan patronatua, euren iritzirako herriko hautagai onenak zeintzuk diren adieraz dezaten. Herritarrek, beren aldetik, proposamenak utzi ahalko dituzte udal kiroldegian zein udaletxean. Abenduaren 30a baino lehen egin beharko da hori; egun horretan bukatuko da lehenbiziko fase hori.
Urtarrilaren 9an aztertuko ditu kirol patronatuko kontseilu nagusiak hautagaitza guztiak, ondoren sariak nori eman erabakitzeko. Zazpi emango dituzte guztira: emakumezko kirolari onena, gizonezko kirolari onena, emakumezkoen talde onena, gizonezkoen talde onena, saria kirol ibilbide osoari, saria bizitza osoa kirol-boluntariotzan jardun duenari eta sari diru-laguntzaileari.
Sariak urtarrilaren 31ean banatuko dituzte kirol ekitaldi ireki batean. Herritar orok hartu ahalko du parte. Kirolariak, kirol taldeak, ikastetxeak eta herritarrak bilduko ditu "dagoeneko tradizio bilakatu den festan".
Ane Lezea eta Xabier Gorrotxategi, iaz
Ane Lezea aukeratu zuten iaz emakumezko kirolari onena gisa. Gimnasta erritmikoa da, eta Espainiako eta Euskadiko txapeldunordea alebin mailan. Gizonezkoen kasuan, Xabier Gorrotxategik jaso zuen boto gehien. Txirrindulari gaztea puntuazioan Espainiako pistako txapelduna izateaz gain, Gipuzkoako txapelduna da pistan.