Azpeitiko Grumal enpresa hartzekodunen konkurtsora sartu dute, gaur goizean Pedro Jose Malagon epaileak emandako autoan onartu du Fagor Etxetresnen Grumal eta Proiek filialak hartzekodunen konkurtsora sartzeko egindako eskaera. EVE Administración Concursal, Holwalth PLM Auditores eta Consultores Saymak osatzen duten AIE elkarteak administratuko ditu Grumal eta Proiek, Edesa eta Fagor Etxetresnak bezalaxe.
Epaileak esan du, Grumalen datuak kaudimen ezaren seinale direla. Joan den irailean 12.501.000 euroko pasiboa zuen (zorrak), aktiboa 2.620.000 milioikoa eta esku dirutan 36.000 euro zituen. Epaileak gaur emandako autoan Grumalek dituen hondasun higiezinak ere aipatzen dira: Azpeitiko Gerraundi 1ean pabiloi industrial bat eta biltegi bat, Pinton (Madril) biltegi bat eta Azpeitiko Landetan bulego bat.