Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Artezaleak taldeak gabonetako lehiaketa bereziak antolatu du, Zarauzko Udalaren babesean. Hain zuzen, XXV. Jaiotza eta II. Olentzero Eramangarrien ingurukoak izango dira eta haurrek zein gazteek hartu ahalko dute parte. Aurten izango da berrikuntzarik horri lotuta. Iaz olentzero gehitu zioten ohiko lehiaketa horri, eta aurten, berriz, aurkeztutako lanak erakutsiko dituzte hilaren 21tik 23ra. 17:00etatik 20:00etara izango dira horiek ikusgai, Ebro Etxean. Erakusketa zabalik dagoen bitartean plastika eta pintura tailerrak eskainiko dituzte, doan.
Parte hartu nahi dutenek hilaren 19a baino lehen eman beharko dute izena Artezaleakeko bulegoan (Ebro Etxea, Zumalakarregi kalea, 16), 943-835568 telefonora deituta edota artezaleak@telefonica.net helbidera mezua bidalita. Lanak abenduaren 20an aurkeztu beharko dira, 16:30etik 20:00etara.
Lanak bakarka edo taldean aurkeztu ahalko dira. 100x150 zentimetroko neurria izan dezakete gehienez eta teknika ororekin landu. Bi sari emango dituzte: gazteen saria eta haurren saria. 11 urtetik gorako artista onenak 150 euroko txartela jasoko du, Garoa liburu dendan erabiltzeko eta 10 urte arteko onenak, berriz, 125 eurokoa, Albizu pintura dendan xahutzeko.
Sari banaketa hilaren 23an izango da Ebro Etxean, 19:30ean. Epaimahaiak orduan jakinaraziko ditu irabazleen izenak.
Aurreko egunean, hilaren 22an Patxi Santamariak ipuin kontaketa eskainiko du leku berean, sei urtetik gorako haurrentzat.