Gabonetako Azoka Herritik ekimenaren baitako Haurrentzako Elkartasun azoka abenduaren 20an, 27an eta 28an egingo da. Ekimen honen bidez, etxe askotan bazterrean eta utzita dauden umeen jostailu, bizikleta, liburu, eskolako material eta arropak jasoko dituzte, donazio bezala. Ondoren, bildutakoak Elkar-ekinek prezio merkean salgai jarriko ditu, edozein herritarren eskura. Baina, behar handienak dituzten herriko haurrei txartel bana emango die azokatik opari bat jaso dezaten.
Ekimenean parte hartu nahi duten herritarrek aukera dute herriko dendetan zerbait erosi eta donazio bezala emateko.
Elkartasun azokarako jostailuak, liburuak, bizikletak eta arropak Soreasun eta Sanjuandegiko auzo lokalean jasoko dituzte abenduaren 12an, 13an, 16an, 17an eta 18an 18:00etatik 20:00etara bitartean; eta, abenduaren 14an, 10:00etatik 13:00etara artean.
Haurrentzako Elkartasun Azokatik bildutako dirua ekimen sozialak bultzatzeko erabiliko du Elkar-ekinek, «pobreziari eta bazterketari aurre egin eta gizarte justu bat egiteko bere eguneroko lanean, hain zuzen ere».
Sanjuandegiren segida
Sanjuandegiko Xanjuandegi Auzolanean taldeak ere bat egin du Haurren Elkartasun Azokarekin eta auzoko lokalean materiala biltzeaz gain, azoka jarriko dute auzoan bertan urtarrilaren 3an.