«Posible da jendea harrituta geratzea gaur egun egiten dugunarekin»

Aritz Mutiozabal 2013ko abenduaren 6a

Kauta hirukotea, entsegu lokalaren kanpokaldean; Gorka Mendizabal da erdikoa. Lau urteko etenaldiaren ondoren, Kauta hirukotea indarberrituta itzuli da musika esparrura. Gorka Mendizabal (Zarautz, 1985) taldeko bateria-jotzaileak argitaratu berri duten Agerre diskoaren inguruko xehetasun guztiak eman dizkio UROLA KOSTAKO HITZAri. Azken lana bihar aurkeztuko dute zuzenean Plateruena Kafe Antzokian, Durangoko Azokaren barruan. Bazirudien Kauta desegin egin zenutela, eta taldearen ibilbidea bukatuta zegoela. Nola sortu da berriz elkartzeko ideia? Hirugarren diskoa egin genuenerako pixka bat nekatuta geunden. Disko baten ondoren bira dator, eta gero berriro diskoa, eta segidan bira... Urte gutxitan gel­ditu gabe ibili ginen. Paper zaharrak ateratzen ibili ginen lehengoan, eta 200 kontzertu eman genituela zenbatu genuen. Ez dirudi, baina sekulako kopurua da hori. Nekearen eraginez eta lan kontuak medio, bakoitza beste proiektu batzuetan ibili gara; ni, esaterako, Sei Urte taldean aritu naiz. Iaz berriz elkartzea erabaki genuen, eta azken urtean egin dugu diskoa. Berriz elkartzen hasi eta garai bateko magia sortu al zen zuen artean? Bai, halaxe izan zen. Mikel abeslariak abesti pare bat eginak zituen aspalditik, eta horiek jotzen hasi bezain pronto, zerbait egin genezakeela ikusi genuen berehala. Entsegu lokala ere berritu egin dugu, estudio moduan atonduz, eta bertan aritu gara abesti berri hauek prestatzen. Hortik al dator Agerre izenburua? Bai, horregatik jarri dugu. Adri baxu-jotzailearen etxearen izena da, eta bertan dugu entsegu-lokala. Taldea sortu zenetik bertan egin ditugu entsegu guztiak, eta gure abestiak nahiz diskoak hortik atera direnez, omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu. Era berean, lokalak berak bultzatu gaitu berriro ere ekitera. Itzulerarekin disko berria argitara eman duzue. Garbi zeneukaten horrela bueltatu nahi zenutela zuzenekoetara? Mikel abeslariak erraztasuna du konposatzeko. Halako behar bat sentitzen du, eta abesti dezente atera ditu azken urtean. Hori horrela, zuzenekoetan hasi aurretik disko berria egitea erabaki genuen. Hasieran kontzertu akustiko batzuk egitea bururatu zitzaigun, Kautaren abesti zaharrekin, baina eredu hori ikusiegia dago, eta nahiago izan dugu material berriarekin itzultzea. Aldaketa agerikoa da lehen entzunalditik. 2001ean kaleratu zenuten lehen diskoa, 16-17 urte inguru zenituztela. Dozena bat urte geroago, beste ikuspuntu batekin aurkeztu duzue lan berria. Hasierako jarraitzaileek nola jasoko dute lan berria? Posible da harrituta geratzea egun egiten dugunarekin. Lehen estiloari jartzen genion batez ere arreta; adibidez, bigarren diskoa kañero samar atera zitzaigun, eta hirugarren, berriz, nahasketa bat izan zen. Lan berri honetan, aitzitik, letrari aparteko garrantzia eman nahi izan diogu, eta musika horrekin uztartzen saiatu gara. Letra tristea edo gogorra bazen, musikarekin ere gauza bera islatu nahi izan dugu. Beraz, Kautaren betiko kutsu hori ez dugu galdu, baina beste buelta bat eman diegu abestiei. Oro har, modu naturalean atera zaizkigu, zerbaiten bila joan gabe. Bestalde, ahotsetan falsete dezente daude, nahiz eta erregistro hori Euskal Herrian dezente egurtzen den edo ez den horren begi onez ikusten rock talde batean. Agerian geratu da nahi duzuen hori egin duzuela. Alde horretatik, erronka handia izan al da? Horren beldur pixka bat badugu. Edonola ere, hutsetik hastea erabaki dugu; hau da, lehengo managerrekin eta kontzertu birekin ahaztu, eta zerotik ekin diogu. Musika gozatzeko egiten dugu, eta ez dirua egiteko. Ondorioz, disko berria Baga Biga diskoetxearekin kaleratzea adostu dugu, askatasun hori ematen digulako. Egia esan, nahiko oinarritik abiatu gara abentura berri honetan. Erronka musikala ere antzematen da. Publiko zabalago batengana iritsi nahiko bazenute bezala. Izan daiteke. Behin diskoa grabatu eta entzundakoan, adin tarte zabalago batengana iristen dela eta gustatzen dela ohartu naiz. Betiko gure rocka islatzen duten bost abesti kenduta, gainerakoak nahikoa proposamen helduak dira; besteak beste, samplerrak, teklatuak eta haizezko instrumetuak barneratu ditugu. Nik uste dut interesantea dela publiko zabalari zabaltzea... Ea zer erantzun izaten duen. Diskoa kalean dago, baina zuzeneko aurkezpen ofiziala Durangoko Azokan egingo duzue. Aurretik, ordea, eskaini dituzue ezusteko emanaldiak. Makinara koipezte aldera? Hori da. Larunbatean izango da taldearen itzuleko kontzertu ofiziala, baina ez dugu hotzean joan nahi Durangora. Hori horrela, ezusteko bost kontzertu inguru eman ditugu, azken unean hitzartuta tabernekin. Jendea zur eta lur geratu da. Laudion taberna bete genuen, eta ez genuen apenas iragarri ere egin. Askok ez zuten sinesten joko genuenik ere, eta kuriositatez gerturatu ziren. Hiruzpalau abesti berri jo genituen kontzertu horietan, eta gainerakoak zaharrak ziren.  Durangon ere ez ditugu abesti berri guztiak joko. Izan ere, jarraitzaileek oraindik ez dute disko berria entzuteko astirik izan. Beraz, aurrerantzean diskoa defendatzea tokatuko zaizue. Hala da, bai. Diskoan bezain ongi aurkeztu ahal izateko sampler txiki batzuk gehitzen ditugu  tarteka zuzenekoetan, sortzen dugun doinua gozatzeko eta horren gordina ez izateko. Baina argi utzi behar dugu taldeko hiru musikariok zuzenean jotzen dugula. Inolako iruzurrik gabe. Samplerrak

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide