Grumaleko langileek gaur eguerdian lantoki aurrean egin duten agerraldia (Nerea Uranga)
Grumalekoek lantegiaren eta langileen etorkizunaz duten informazio falta salatu dute, lantegiaren aurrera irtenda. Fagor eta MCC Grumalekin nola jokatzen ari den «lotsagarria» dela salatu dute langileek eta ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek.
2005ean Fagor Etxetresnak taldeak erosi zuen Grumal, baina orduan lantegia kooperatiba bihurtzeko hartutako konpromisoak ez dituztela bete salatu du Patxi Isasmendi Enpresa Batzordeko presidenteak. «Fagorrek Grumal erosi zuenean irabazi handiak zituen Azpeitiko lantegiak, eta orduan 2010erako kooperatibizatzeko konpromisoa hartu zuten bai Fagorrek, bai MCC-k. Ez dute bete, eta orduan konpromiso horiek hartu zituztenek gaur egun ez dute gurekin bildu nahi; tartean dira Xabier Bengoetxea, Juan Andres Juaristi eta Txema Gisasola».
Fagorrek Grumaleko langileak «kleenexak bezala» erabili dituela kritikatu du Isasmendik, «behar izan dituztenean erabili, eta gero bota». Grumalekoek azken urteotan Fagorreko kooperatibistek bezainbesteko ahaleginak egin dituztela gogorarazi dute, «soldatak izoztu edo jaitsi, udako aparteko ordainsaria ez kobratu, doan lanorduak egin, batzuk beste kooperatiba batzuetara tokialdatu...». 2009tik 2012ra suspentsioko Lana Erregulatzeko Txostena ezarrita izan dute hainbat langilek. «Ondorioz, lankide batzuk urteko langabezia jan dute». «Langileen konpromisoaz eta ahaleginaz hitz egiten dute, baina orain Grumaleko 148 langileak bazter utzi gaituzte».
Noraeza areagotuz
Grumal kooperatiba bihurtzeko asmoa 2010ean bertan behera utzi zuen Fagorrek, LAB sindikatuko Andone Arrietaren esanetan. Ondoren, 2013ko ekainean bideragarritasun plan bat aurkeztu zuten, «plan horrek kooperatibizazio prozesua ez zuen jasotzen. Fagorrek enpresa langileei euro baten trukean saltzeko eskaintza egin zuen. Baina eskaintza langileek baztertu egin zuten, eta kooperatiba bihurtzeko bidean jartzeko barne plan bat egin zuten, alternatiboa».
Ondoren, Fagor Etxetresnak lehertu egin zen, eta Grumal lantegiaren noraeza areagotu egin da. Grumaleko langileen ordezkari sindikalak Administrazio Kontseiluaren bitartekari batekin bi aldiz bildu dira, «bakar-bakarrik Fagor oso gaizki dagoela eta Grumalen egoera oso konplexua dela esan digu, ez besterik. Edesaren aterkipean lekualdatuta dauden Grumaleko 53 langilerekin zer gertatuko den ere ez digute argitzen».
Duela hamar egun, Grumalen bitartekari bezala jarri duten finantzari baten bidez Bideragarritasun Planaren «zirriborro antzekoa» aurkeztu diete langileen ordezkariei. Fagorrek Grumalen daukan zorra 3,5 milioi eurokoa da, eta hori kapitalizatu egin beharko dute: «Ikusi beharko da nola eta zein eratara egiten den prozesua».
Grumal oraindik konkurtsora sartu gabe, baina «atean» dagoela gogorarazi du Arrietak. Baina, azkena aurkeztutako planaren arabera, 48 langile aurreikusten dira Grumalen. «Beste ehun langileen etorkizuna airean dago», kritikatu dute. Horrez gain, Fagor Administrazio Kontseilutik desagertu egingo da. «Hutsune legal baten aurrean gaude: zeintzuk izango dira orduan enpresaren nagusiak eta buru egingo dutenak?». Geldituko liratekeen langileek soldata %25 baxuagoa izango lukete, eta 12.000 euroko aportazioa egin beharko liokete kapitalari. «Bai Fagor, bai MCC benetan lotsagarri ari dira jokatzen Grumaleko langileekin», salatu dute.
Ostegunetik mobilizazioak
Grumaleko Enpresa Batzordeko ELAko eta LABeko ordezkariek hainbat mobilizazio iragarri dituzte datorren astetik aurrera. ELAko Josu Galarragak eman du mobilizazioen berri: datorren ostegunean (abenduak 12) Arrasaten Fagorren egoitzaren aurrean elkarretaratuko dira, eta ondoren MCC aurrera manifestazioa egingo dute; abenduaren 17tik 20ra, Arrasaten itxialdia egingo dute Grumaleko Enpresa Batzordeko kideek; horrez gain, auto karabanak egingo dituzte eta Fagorreko hainbat plataformakoekin bilduko dira; eta, abenduaren 20an, greba egingo dute Grumalekoek eta Arrasatetik MCCra arteko bulegoetara manifestazioa egingo dute.