Kilometroak 2014ko txikotak zenbat neurtzen duen asmatu beharko dute oriotarrek. (Argazkia: Joxe Mari Olasagasti)
Erria txikota! leloak izango du tokirik atzo iluntzean abiatu zituzten San Nilolas jaietan. Kilometroetako taberna irekiko du Orioko Herri Ikastolak, eta Neurtu Txikota! izeneko egitasmoa izango da martxan jaietan zehar. Azaroaren 22an, Kilometroak jaiaren aurkezpen ekitaldiaren amaieran, ikuskizunean parte hartu zutenak txikotaren biran agertu ziren oholtza gainean. Txikota hura bera, festetan, Ikastolako tabernan egongo da ikusgai, eta Zenbat neurtzen du? apustu-porran parte hartzeko aukera izango dute.
Jaietako azken egunean 19:30ak inguruan neurtuko dute soka, eta neurria asmatu duenak edo gehien hurbiltzen denak bi pertsonentzako mariskada irabaziko du Galerna Jatetxean, eurek gonbidatuta.
Bestalde, gaur 120 ostalari inguruk Erria Txikota! leloaz eta irudiaz apaindutako elastikoak eramango dituzte soinean, Kilometroak 2014 jaiarekin bat eginez.