Gaur eguerdian bildu dira Iribarrena kaleko bizilagunak, Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Saila eta Getariako Udala. Besteak beste, Menditxo azpiko labarra sendotzeko obren nondik norakoak azaldu dizkiete, eta epeak jarri. "Pozik" atera dira auzotarrak bileratik, batez ere, epeak finkatu dituztelako. Hain zuzen, datorren astean hasiko dira lanekin, eta hainbat fase izango du obrak. Lehenbizikoak, "urgentziazkoak", hiruzpalau hilabete iraungo duela aurreikusi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politikoa sailburuorde Antonio Aizek. Hori, hala ere, baldintza klimatologikoen mende egongo da. Jakinarazi duenez, ormigoizko horma bat egingo dute labarrean etxebizitzei euskarri sendoa emateko. Behin fase hori amaituta, etxera itzultzeko moduan izango dira bizilagunak.
Gerora ekingo diote labarra epe luzez eusteko lan orokorrari.
Lau instituzioren artean—Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Getariako Udala—ordainduko dute obren aurrekontua, 870.000 euro, hain zuzen. Geotunel enpresak egingo ditu lanak.