Umeentzako jolasak ez dira faltako jaietan (Hitza)
2013. urtea amaitzear da, eta horrekin batera iritsi dira dira San Nikolas jaiak. Gaur iluntzean bertan emango diete hasiera Orion sanikolasei, eta oriotarrez gain, eskualdeko herritar asko ere neguko festez gozatzeko prest da dagoeneko. Urteroko leloa izaten da oriotarren nahiz bisitarien artean sanikolasetan egiten duen hotzaren inguruan kexatzea. Hala ere, inork ez du hutsik egiten hitzordura, eta giro ederra izaten da festan.
Aurten, 33.130 euro gastatu ditu Orioko Udalak sanikolasak antolatzeko, iaz baino 1.500 euro gutxiago. Aurrekontua txikiagoa izan arren, herriko eragileen laguntzari esker, herritar orok aurkituko du gustuko giroa festetan.Oriotarrek oriotarrentzat sortutako festak izango dira.
Iaz jaien hasiera ekitaldiak izan zuen arrakasta ikusita, aurtengoan ere txalaparta eta adar hotsez abiatuko dituzte San Nikolas jaiak. Salatxo Abesbatzak 20 urte beteko ditu, eta omenalditxoa egingo diete herritarrek. Izan ere, kalea abesteko tokirik egokiena izan ez arren, kalera atera izan dira Salatxo Abesbatzako kideak 20 urteetan zehar herriko festa eta ekitaldiak euren ahots eta doinuez girotzera. Bihar, egindako ahaleginagatik eskerrak emango dizkiete oriotarrek.
Indartu beharreko balioak
Orioko Festa Batzordeak San Pedro jaietako balorazioan oinarrituta antolatu ditu San Nikolas jaiak. Zenbait hutsune eta gabezia identifikatu ditu festa batzordeak, eta horiek gainditzen saiatu dira egitaraua antolatzerako orduan.
Euskara lehentasunezko gaia da Orioko Udalarentzat, eta sanikolasetan ere presentzia berezia izango du. Hizkuntzari dagokionez, musika zaintzeko eskatu diete tabernariei eta barraketako arduradunei. Gainera,
Euskaraz bizi-bizi jaialdia egingo dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «denontzako moduko jaia» izango da: pailazoak, bertsolariak, Anje Duhalde kantaria, Plataforma per la Llenguako lagun bat eta Els vindales berbena musika talde kataluniarra. Horretaz gain, Euskaraz bizi bizi ikus-entzunekoa aurkeztuko dute herritarren aurrean. Egitasmo horrekin herritarrek euskaraz modu kontzientean egin dezaten bultzatu nahi du Euskara Batzordeak. Horretarako, «naturala» iruditu zaie euskararen aldeko aldarria eta euskara, biak lotzea. «Euskararen aldeko lana egin nahi dugu, baina euskaldun izatearen pozetik abiatuta».
San Nikolas jaietan hobetu beharreko beste alderdietako bat emakumeen parte-hartzea dela uste dute. Alde batetik, emakumeak hainbat taldetako kantari moduan ikusten badira ere, festa batzordeak jakin badaki ez direla asko emakumez osatutako taldeak. Horregatik, ahalegin berezia egin dute eta emakumez osatutako taldeen bila aritu dira sanikolasetarako. Bestetik, jaietan ospatuko diren kirol lehia eta probetan emakumeen parte-hartzea ere sustatu nahi dute 3x3 saskibaloi lehian, herri-kiroletan nahiz Oa eskaileretako proban. Kategoria propioa eta mutilen sari berberak izango dituzte emakumeek.
SAN NIKOLAS JAIETAKO EGITARAUA
Abenduaren 5a, San Nikolas bezpera
-18:00etan Izan zaitez tanta triki-poteoa plazatik abiatuta.
-19:00etan Frontenis Txapelketako finalaurrekoak frontoian.
-19:00etan Pello eta Nikolasa erraldoiak eta buruhandiak kalejiran irtengo dira Danbolin Musika Eskolako txistulariek lagunduta.
-20:00etan festen hasierako ekitaldia egingo da etaSalatxo Abesbatza omenduko da bertan. Salatxo Abesbatzak, Harribil Dantza Taldeak, adar-jotzaileek, txalapartariek eta Danbolin Musika Eskolako bandak parte hartuko dute.
-20:30ean zezen suzkoa izango da plazan.
-23:00etan Pentamonix eta Emon musika taldeek kontzertua emango dute.
Abenduaren 6a, San Nikolas Eguna
-06:30ean gaupaseroen argazkia aterako dute Oa kaleko eskaileretan.
-11:00etan Euskal Meza izango da Bariko San Nikolas parrokian.
-10:30etik 13:00etara herriko jubilatuek hamaiketako goxoa egingo dute Zaharren Babeslekuan.
-12:00ean Dantzari Txikien Txapelketa egingo dute Harribil Dantza Taldeak antolatuta.
-17:00etan Xabi Arostegi DJ-ak saioa emango du plazan gazte eta helduentzat.
-17:00etatik aurrera Esperientzia Eskolako kideek talo postua jarriko dute plazan.
-18:00etan Pello eta Nikolasa erraldoiak eta buruhandiak kalejiran irtengo dira Danbolin Musika Eskolako txistulariek lagunduta.
-19:15ean Soka Dantza izango da herriko plazan.
-19:0etik aurrera Talai Mendi Herriko Txaranga kalez kale ibiliko da.
-20:00etan Oa eskaileretako apustua. Euria bada bertan behera geratuko da.
-22:30ean bertso saioa izango da Karela Kiroldegian, Errikotxiak antolatuta. Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Agin Laburu eta Patxi Etxeberria bertsolariek parte hartuko dute eta Unai Manterola izango da gai-jartzailea.
-23:00etan Trikitakeren kontzertua hasiko da plazan.
Abenduaren 7a, Umeen Eguna
-11:00etan haur eta gaztetxoek herriaren ardura hartuko dute udalbatzar aretoan.
-Ondoren Atsolorra egingo da. Aurten jaiotako haurrei ongietorria egingo zaie.
-11:30ean pilotari profesional ohien arteko partida. Mikel Goñik eta Kokak Eugi eta Otxandorena izango dituzte aurkari, eta lau terdiko lehian Otaegik Garrido V.-aren aurka jokatuko du.
-16:00etan Orioko I. Mus Ligako Finala jokatuko da plazan.
-16:30ean Euskaraz bizi-bizi festibala izango da herriko plazan. Pailazoak, bertsolariak, Anje Duhalde kantaria, Musika Eskolako haurrak eta erromeria izango dira.
-17:00etan selekzioen arteko saskibaloi partida jokatuko da Karela Kiroldegian.Galiziak Gaztela eta Leon izango du aurkari.
-19:00etan selekzioen arteko saskibaloi partida jokatuko da Karela Kiroldegian. Euskadik Madril izango du aurkari.
-22:00etan Altsasuko inauteriek girotuko dituzte kaleak.
-00:00etan Els Vinadels eta Zesuma musika taldeek kontzertua emango dute.
Abenduaren 8a, igandea
-10:00etan 3x3 Saskibaloi Txapelketa jokatuko da Karela Kiroldegian Orioko Ikastolak antolatuta. Goizean gaztetxoen txanda izango da.
-11:00etan haurrentzat tailerrak eta puzgarriak jarriko dituzte frontoian.
-12:00etan Herri Kirol Jaialdia egingo dute plazan. Aimar Galarraga, Idoia Etxeberria eta Joseba eta Udane Ostolaza aita-alabak arituko dira harria jasotzen. Aizkora saioa ere egingo dute. Bertan Ernesto eta Hodei Ezpeleta eta Felix eta Manex Zubizarreta ariko dira lehian, nor baino nor.
-16:00etan 3x3 Saskibaloi Txapelketarekin jarraituko dute Karela Kiroldegian, Orioko Ikastolak antolatuta. Arratsaldeko saioan helduen txanda izango da.
-16:00etan Xake Txapelketa jokatuko dute haurrek Kultur Etxean.
-17:00etan Frontenis Txapelketako finalak jokatuko dituzte, jaiei amaiera emanez.