Zumaiako Balenciaga ontziola. Leire Ventas
Europako Batzordeak
tax lease sistema berritu zuenetik Euskal Herriko ontziolek lortutako lehenbiziko kontratuetako bat da honakoa. 30 milioi euroko kostua izango du eta 200.000 orduko lan karga ekarriko ditu. Orain bi urterako lana dute aurretik Balenciagako 300 bat langilek Erresuma Batuko konpainia batek eskatutako ontziak egiteko. Gehiago lortzeko "esperantza" ere badute; izan ere, aurrera begira beste sei ontzi egitea aurreikusi du Zumaiako ontziolak. Horrez gain, Pasaiako Zamakona ere dozena erdi kontratu lotzekoa dela jakinarazi dute hainbat komunikabidek.
Horren aurrean, Pymar ontziola pribatuen patronalak adierazi du operazio horiekin sektorearentzat "aro berria" zabalduko dela. Kontratu horiei esker hasiko dela sektorea "berreskuratu eta berriz ere hasten". Era berean, kontratu horrek inbertsiogile handiek sektorearengan duten konfiantzaren "adierazgarri" direla gaineratu du eta sistema berria "juridikoki segurua eta baliagarria" dela. Hala ere, inbertsiogileengan "konfiantza pizten jarraitzea garrantzitsua" dela nabarmendu du. Banketxe batek eta aseguru etxe batek jarri dute dirua horretarako.
Erakundeen lana eskertu du sektoreak, eta batez ere, Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuaren babesa. Horrek "berri on gehiago" etor daitezkeela ohartarazi du.