Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gabonetan ere Azpeitiko Azoka Herritik ekimenak segida izango du. Herriko ekonomia eta bizitza soziala indartzea helburu duen azoka berri bat antolatzeko lanak hasi baitituzte hainbat eragile eta herritarrek. Azoka osatuko duten osagaiak umeei begirako elkartasun azoka, baserritarren postuak, kultur emanaldiak, artisauak, bidezko merkataritza, Azpeitiko Bertan Merkatari Elkartearen eskaintzak eta herriko taldeen postu eta materialak izango dira. Azokako ekitaldiek hainbat egunetan izango dute tokia, baina ekimen nagusiak abenduaren 27an eta 28an izango dira.
Herritarrak azokan parte hartzera gonbidatu dituzte eta taldeek edo norbanakoek izena emateko aukera zabaldu dute. Horretarako abenduaren 6a (ostirala) aurretik azoka.herritik@gmail.com helbidera idatzi beharko da mezua.
Azoka antolatzen ari direnek azaldu dutenez, Azoka Herritik ekimena abian jarri zuten unetik bertatik argi zuten, "asteburu batera mugatuko zen azoka bat baino gehiago" zela egin nahi zutena. "Herriko sektore ekonomiko zein kolektibo ezberdinen elkarlanetik, eta herritarren parte hartzetik bestelako eredu baten bidean xumea baino iraunkorrago izango zen lan bati ekitea jarri genuen xede". Herriko ekonomia balore justuen gainean eraikitzea beharrezkoa ikusten dute, "egoerak horrela eskatzen du eta herritarren artean lan honetan sakontzeko gogoa badagoela nabaria da". Bidea, berriz, elkarlanetik egingo dutela nabarmendu dute, "elkarlanetik proiektu berriak mamitzen ari dira eta hauek datozen hilabeteotan gorpuzten joango dira".
Gabonetan, ekonomia lokala bultzatzea helburu izanda, beharrezkoa kontsumitzera gonbidatu dituzte herritarrak, "erosketa zentzugabeak baztertu eta behar dugun hori herrian bertan erosteko deia egin nahi dugu".