Lou Topet taldearen eskuko telefonorao aplikazioa.
Lou Topet laukoteak teknologia berrien zalea dela erakutsi du hasiera-hasieratik. Beren burua sarean hedatutako ikus-entzunezko baten bitartez eman zuten ezagutzera, eta duela hilabete batzuk, Esnatu dira estreinako diskoarekin batera, playbutton mp3 aparatua aurkeztu zuten. Orain, Garoa Web Consulting-ekin elkarlanean, eta Jon Ercillaren ardurapean garatuta, eskuko telefonoetarako APPa edo aplikazioa sortu du, eta larunbat honetan Durangoko Azokako Kabi gunean aurkeztuko dute, 16:00etan. Aplikazioak taldearen eta musikazaleen arteko zubi izan nahi du, oinarrizko informazioa partekatzeko eta sortze prozesuan bi aldeen harteko harremana bilatzeko. Lou Topeten musikak oihartzun zabala izan du azkenaldian irratian, prentsan eta sarean, eta erronka berri honekin ere zeresana ematen jarraitu nahi dute. Izan ere, lehen aldia da euskarazko musika talde batek halako zerbait garatzen duena.
Prozesu irekia
Prozesu polita izan dela adierazi du Ercillak. Dena dela, prozesua ez da bukatu, aplikazioa etengabe eguneratzen joango direlako. «Beta bertsio bat aurkeztuko dugu Durangoko Kabian, baina, kontzeptu berri bat denez, aldaketa ugari sartzen ari gara, eta sartuko dizkiogu». Garatzailearentzat ez da lan makala izan aplikazioko edukiak zehaztea, ezta taldearen eta musikazaleen arteko sarea eratzea ere. Horrexegatik, prozesuak irekita jarraitzen duela jakinarazi dute.
Oraingoz, Lou Topet taldearen sakelekorako aplikazioak bost atal izango ditu: Taldea-n taldearen eta bertako partaideen inguruko informazioa eskaintzen du; Esnatu dira-n Garate Studios-en grabatutako laneko abestiak daude entzungai; Prentsa-n han eta hemen agertutako erreportaje, elkarrizketa, albiste eta aipamen guztiak irakurtzeko aukera ematen dute; Kontzertuak-en taldearen emanaldien datak, eta horri lotutako informazio guztia (tokia, ordua, sarrera...); eta, azkenik, Entsegu gela taldekideek haien maketa, proba eta bestelakoak musikazaleekin partekatu eta haien iritzia jasotzeko atala izango da. Taldearen APP-a edo aplikazioa plataforma guztietan izango da eskuragarri; hala nola, Android, IOS eta Windows Phone-n.