Narruondoko bizilagunekin bilduko da Zumaiako Udala gaur, aurrekontuez hitz egiteko

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 4a

Aurten ere 2014ko aurrekontuak osatzeko prozesu parte-hartzailea antolatu du Zumaiako Udalak, herritarren iritziak eta ekarpenak jaso eta beharrak zeintzuk diren jakiteko. Horretarako, bilera sorta abiatu du udalak herriko auzo nagusietan. Artadiko eta Oikiako bizilagunekin elkartu dira dagoeneko udal ordezkariak, eta datozen egunetan beste hainbatekin bilduko dira. Gaur, esaterako, Narruondoko elkartean izango da bilera bertako herritarrekin, 19:00etatik aurrera. Hilaren 10ean, datorren asteartean, Gernika parketik hasi eta Puntanuetarako eremuan bizi direnekin izango da bilkura, Brankan, ordu berean. Abenduaren 11n izango da azken saioa, Alondegian 19:00etan, Paroletik Zubi Txikira arteko bizilagunekin. «Herriari eta garaiari egokitutako aurrekontuak» osatzea du helburu Zumaiako Udalak. Ildo horretatik, auzotako bost bilerez gain, herriko eragile eta elkarte soziokulturalekin ere bilduko da. «Urtez urte saretzen doaz, eta gaur egun, eragileak eta udala elkarlanean aritzeko mahai edo guneak antolatuta daude. Hala, emakumeen foroa, kirol mahaia, kultur mahaia, nagusien mahaia... ezinbestekoak dira udalaren jardunean», nabarmendu dute udaletik. Horregatik, aurrekontuak elkargune horien bilera irekietan ere landuko dituzte. Aurrerago jakinaraziko dituzte bilera horien datak eta lekuak. Ekarpenak egiteko aukera Bestelako bideak ere izango dira proposamenak egiteko. Hain zuzen, postontziak jarri dituzte udaletxean, kiroldegian eta Alondegian, eta horietan utzi ahalko dira proposamenak orri batean idatzita. Horrez gain, zumaiaeraikitzen@zumaiakoudala.net helbidera ere idatzi ahalko da. Bestalde, udalaren webgunean (ZumaiaZu atalean herri aurrekontuak klikatuta) aurkituko dituzte herritarrek arlo bakoitzeko teknikariekin harremanetan jarri ahal izateko datuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide