Jai giroan eta kantuan ospatu dute Euskararen Eguna Aian. (Argazkia: Agurtzane Arrillaga)
Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, eta euskararen aldeko aldarria ozen entzun da eskualdeko herri eta auzoetan. Ospakizunez betetako eguna izan da, baina Urola Kostan zehar antolatu dituzten ekimenek hausnarketarako eta aldarrikapenetarako aukera ere eman diete herritarrei. «Euskararen Egunak ospatzeko egun bat izan behar duelakoan gaude. Euskara bizirik da, baditu hiztunak eta etorkizuneko ateak zabalik ditu», adierazi dute eskualdeko hainbat udalek Euskararen Egunaren harira argitaratutako adierazpen instituzionalean. Besteak beste Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako udalek egin dute adierazpena.
Euskara Urola Kostako herritarren artean bizi-bizirik da eta euskararen arnasgune dira eskualdeko herriak. Dena dela, eskualdeko udaletako ordezkariek eta oro har herritarrek jakin badakite euskararen egoera ez dela bera Euskal Herriko zonalde guztietan. «Gaur egun daukagun egoerari erreparatzen badiogu, zonaldearen arabera oso egoera soziolinguistiko desberdin eta kontrajarriak daudela ohartuko gara». Horregatik, euskararen alde lan egiteko «tokiko errealitatetik abiatutako aurrerapausoak bultzatu behar dira». Hala azaldu dute: «Herriz herri euskararen arnasguneak hedatuz landu behar dugu etorkizuna».
Euskararen aldeko elkarlana
Euskarak etorkizun oparoa izan dezan erakundeek, eragileek eta herritarrek euskararen aldeko elkarlana bideratu behar dutela iritzi diote udalek. «Udalerri euskaldunok euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dugu. Hizkuntza bat biziko bada, nagusi izango den eremuak behar ditu, horregatik udalerriok funtzio garrantzitsua dugu euskararen geroan. Administrazioak gaiari beharrezko garrantzia eman behar dio eta herritarrek, bestetik, euskararen geroan jokatu behar duten paperaz jabetu behar dute eta euskararen inguruan sentsibilizatu», adierazi dute. Ildo horretan, lehen urratsa eman dute udalek, herri euskaldunek euskararen etorkizunean jokatzen duten paper garrantzitsua aitortuz eta hainbat konpromiso hartu dituzte euskararen alde lan egiteko. Alde batetik, hizkuntza politika ausart eta aurrerakoiak garatzeko baliabideak abiatuko dituztela azaldu dute eta, bestetik, herriko eragileekin eta norbanakoekin elkarlanean, euskararen aldeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute.
Asteazkenean ere ekitaldi sorta
Euskararen Nazioarteko Eguna gaur ospatu bada ere, bihar oraindik izango da euskararen gaiarekin lotutako ekimenik eskualdean. 19:00etatik aurrera Zarautzen Asier Altunaren hainbat film labur eskainiko dituzte Modelon: Topeka, Sarean, Artalde eta Zela Trovke. Azken hori aurten Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen Altunak, eta istoriako protagonista Maite Larburu musikari hernaniarra ere bertan izango da. Solasaldia egingo dute emanaldiaren ostean, eta Larburuk zuzenekoa eskainiko du, Ura patrikan diskoa aurkezteko.
Zumaian, bestalde, bihar 18:00etatik aurrera hizkuntza ekologiaren inguruko tailerra emango dute Alondegiko ganbaran.