Ezkerretik, Murkileko Goiatz Azkue, Turismo zinegotzi Karmele Alberdi eta Murkileko Nekane Saizar, azokaren aurkezpenean. Amaia Ventas
Herriko merkataritza bultzatzeko Abenduko Azoka Berezia antolatu dute zubirako. Aurreko urteetan Erdi Aroko Azokak hartu izan du Zarautz data horretan. Aurten, ordea, herriko dendariei eskaini dio udalak kalera atera eta euren produktuak erakusteko aukera: «Erdi Aroko azokan parte hartu izan duten gehienak kanpotarrak izan dira. Horren ordez, herriko merkataritza sustatzea erabaki dugu aurten», adierazi du Turismo zinegotzi Karmele Alberdik. Hala, Murkil elkarte-
ko hamalau merkatarik postu bana jarriko dute Lege Zaharren Enparantzan, Zigordia kalean, Musika Plazan eta Kale Nagusian. Hauek dira saltokiak: Urquia Etxea, Ganbara arropa denda, Goiatz jantziak, Helmuga Kirolak, Jazki arropa denda, Manttangorri jostailuak, Itziar mertzeria, Nekane belardenda, Zarautz optika, Pedrosa, Rose´s arropa denda, Sayalero gozategia, Transit oinetakoak eta Vulcano arropa denda.
Nahia Zarauzko Artisau Elkarteak ere hartuko du parte azoka berezian. Merkatu plazako bigarren solairuan izango dira horiek, pintura, argazkia, eskultura, esmalteak, grabatuak eta teknika mistoekin landutako lanak saltzen. Osagarri gisa, kanpoko zenbait saltzailek ere izango dute tartea Abenduko Azoka Berezian. Hamar postu jarriko dituzte, besteak beste, xaboiak, txontxongiloak, gozokiak eta ogia saltzeko.
Gune gastronomikoak
Saltokiez gain, askotariko ekitaldiak izango dira azoka girotzeko. Besteak beste, Hondarrezko Gazteluak taldeak Mariren kobazuloa eraikitzen tailerra eskainiko du, karikaturagileak egongo dira, Apaxi ipuin kontalaria eta Zarautz Abesbatzaren emanaldia ere bai.
Jatekoa eta edatekoa ere ez dira faltako. Aipatu lekuetan askotariko gune gastronomikoak jarriko dituzte. Zurekin elkarteak pintxo pote berezia, eta olagarroa nahiz txuleta parrillan eskainiko ditu. Futbol taldeak eta ZAEk edariak eta pintxoak, eskubaloi taldeak taloak, eta Zarautz Abesbatzak, berriz, txakolina eta txorizoa goizez eta txokolate beroa arratsaldez. Lehenbiziko bi egunetan, gainera, bi lagunentzako afariak zozkatuko dituzte. Erosketa bakoitzarekin txartel bat banatuko dute, erosleak bere datuekin betetzeko. Ostiraleko eta larunbateko azken orduan egingo dituzte zozkak txartel guztien artean. Bi egun horietan egun osoan zehar egongo da irekita Abenduko Azoka Berezia, 11:00etatik 21:00etara. Igandean, berriz, 15:00ak arte zabalduko dute.
Zarauzko Udalak merkataritza txikia bultzatzeko konpromisoa hartu du; hala dago jasota Zarautz Ehuntzen proiektuan. Turismo zinegotzi Karmele Alberdik adierazi duenez, konpromiso hori «ez da mugatzen» azoka hau antolatzera: «Aurrerantzean ere herriko merkatariekin harremanetan izango gara, haien gabeziak ezagutu eta herriko merkataritza indartzen jarraitzeko».
EGITARAUA
Abenduak 6, ostirala
11:00. Inaugurazioa.
Goizean zehar. Zarautz Abesbatzak txorizoa eta txakolina eskainiko ditu.
Egunean zehar.
- Merkatu plazaren sarreran. Futbol taldeak pintxoak eta edaria eskaniko ditu.
- Kale Nagusian. Taloak eskainiko dituzte eskubaloi taldeko kideek.
- Lege Zaharren Enparantzan. Pintxo pote berezia eskainiko du Zurekin elkarteak.
-Musika Plazan. Zarauzko Arraun Elkarteak pintxoak eta edaria eskainiko ditu.
11:30. Karikaturagileak egongo dira, Musika Plazan.
12:00. Alde Zaharrean Nahiko larri trikitilari taldeak giroa animatuko du.
12:00. Torre Luzea parkean. Mariren kobazuloa eraiki tailerra haurrentzat, Hondarrezko gazteluak taldearen eskutik.
Arratsaldean zehar. Zarautz Abesbatzak txokolate beroa eskainiko du.
18:00. Apaxi ipuin kontalaria.
19:00. Zarautz Abesbatzaren emanaldia.
Abenduak 7, larunbata
12:30. Kale Nagusian. Haurrentzako tailerrak Sorginmuño begirale taldearen eskutik.
Goizean zehar. Zarautz Abesbatzak txorizoa eta txakolina eskainiko ditu.
Egunean zehar.
- Taloak eskainiko ditu eskubaloi taldeak.
- Lege Zaharren Enparantzan. Pintxo pote berezia eskainiko du Zurekin elkarteak.
-Musika Plazan. Zarauzko Arraun Elkarteak pintxoak eta edariak eskainiko ditu.
17:00. Lege Zaharren Enparantzan. Merkatariak kale antzerkia.
18:00. Musika Plazan. Dantzaldia Bide Batez taldearekin.
Arratsaldean zehar. Zarautz Abesbatzak txokolate beroa eskainiko du.
Abenduak 8, igandea
12:00. Kale Nagusian. Haurrentzako puxika-toles tailerra.
12:00. Alde Zaharrean. Nahiko larri trikitilari taldea.
Goizean zehar.
- Zarautz Abesbatzak txorizoa eta txakolina eskainiko ditu.
- Taloak eskainiko ditu eskubaloi taldeak.
- Lege Zaharren Enparantzan. Pintxo pote berezia eskainiko du Zurekin elkarteak.
-Musika Plazan. Zarautz Arraun Elkarteak pintxoak eta edaria eskainiko ditu.