Urola Kostako ELA enpleguaren alde elkarretaratu da

Nerea Uranga 2013ko abenduaren 3a

Urola Kostako ELAko delegatuak gaur goizean Azpeitian Kutxabanken aurrean. Urola Kostako ELAko delegatuek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Azpeitian Kutxabanken bulegoaren aurrean, Urola Kosta bizirik. Enplegu duina denentzat lelo hartuta; haiekin batera izan da Txiki Muñoz ELAko idazkaria nagusia ere. Elkarretaratzea egin aurretik ELAko Urola Kostako delegatuek batzarra egin dute, gaur egun eskualdean bizi den egoera aztertzeko eta aurrera begirako plangintza egiteko. "Krisi egoera hau gogor kolpatzen ari da gure eskualdea, hainbat enpresa itxi egin dira; beste batzuk nahiz eta itxita egon oraindik juridikoki buelta emango dioten esperantza daukagu, Corrugados kasu; eta, Urola Kostako beste bi enpresa, berriz, berriki hartzekodunen konkurtsora sartu dira, TS Fundiciones eta Grumal. Hori guztia aztertzeko bildu gara gaur", azaldu du Urola Kostako ELAko Andoni Eizmendik. Kutxabanken aurrean bildu dira, "Kutxabankek bere izaera soziala alde batera uzten duela" salatzeko. "Ikusten dugu Kutxabank beste banku bat bezala ari dela lanean. Enpresa asko bideragarriak izan arren itxiera bidean daude eta nahiko gaizki pasatzen ari dira kreditu faltagatik. Era berean, hainbat eta hainbat familia diru iturri askorik gabe daude eta krediturik ez diote ematen...". ELAkoek salatu dutenez, "bankuei ematen zaien diru guztia euren zuloak tapatzera bideratzen dute".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide