Euskaraz aldarrikatu eta ospatu

Urola Kostako Hitza 2013ko abenduaren 2a

http://youtu.be/NVbdTOJlMZQ

http://youtu.be/NVbdTOJlMZQ Dantza, musika, bertsoak, ikus-entzunezkoak, lehiaketak, hitzaldiak, kalejirak, tailerrak... Askotariko ekitaldiak izango dira Urola Kostako herrietan bihar, Euskararen Nazioarteko Egunean. Euskara urteko egun bakarrera ez delako mugatzen, aurrez ere egin dituzte ekimenak eskualdean. Ostiralean, esaterako, Basarritik Azken Portura ikuskizuna eskaini zuten Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Bertsoak, musika, ikus-entzunezkoak eta antzerkia uztartu zituzten, Inazio Eizmendi Basarri-ren bizitza gogoratzeko. Larunbatean ere izan ziren euskararen aldeko ekitaldiak. Zarautzen jendetza bildu zen kantu jiran eta Zumaian kalejira egin ondoren,  musika, dantza eta bertsoak izan ziren Beheko plazan herritarren gozagarri. Gaur, berriz, Jabier Goitia eta Patxi Alañak Euskararen jatorriaz etorkizunerantz abiatzen gaituen iragana hitzaldia eskainiko dute udalerri horretan. Azkoitiko Euskara Mahaiaren lehenbiziko lana izan da Euskararen Egunerako egitaraua prestatzea. Ikasturte berriarekin batera sortu zuten mahai hori Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak, Banaiz Bagara elkarteak, Auzoko egitasmoak, Azkoitiko Xirikatzen Kultur Mahaiak, Azkoitiko Udalak, Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak, Azkoitiko AEK-k eta UROLA KOSTAKO HITZAk, batak bestearen lanaren berri izateko. Azkoitian euskarak 365 egun. Geu izateko euskararen herrian lelopean ekitaldi jendetsuak egingo dituzte hala, goizean zein arratsaldean. Herriko haurrek kalejira egingo dute 11:30ak aldera, eta egun horretako manifestua irakurriko dute plazan. Arratsaldean euskararen aldeko horma irudia pintatu ostean, eta Euskararen Eguneko manifestua irakurriko dute plazan. Bestalde, Zestoako Udala Irrizale egin da, Irrien Lagunak Klubekoekin hitzarmena eginda. Hori dela eta, gaur Irrien Klubekoak izango dira Zestoako Herri Eskolan eta Arroabeko eskolan; Aizarnako eskolako ikasleak Arroabekora joango dira. Udala Irrizale egitearekin batera, herriko hiru eskoletarako Irria aldizkariaren harpidetza egin du, proiektua zabaltzeko. EKITALDI NAGUSIAK, HERRIZ HERRI: AIA Abenduaren 3a, asteartea. -Lardizabal Eskolak Euskararen Eguneko Lelo Lehiaketako irabazlea aukeratuko du, eta leloa eskola atarian jarri. Lehen Hezkuntzako azken mailetako ikasleek Nikolas Zendoia bertsolaria elkarrizketatuko dute, ipuin kontaketa izango da, euskararen inguruan bideo bat ikusiko dute, kale-jira egingo dute herrian zehar, eta 15:30ean txokolatada egingo dute. AZKOITIA Abenduaren 3a, asteartea. -Euskara Mahaiak  antolatuta, Azkoitian euskarak 365 egun. Geu izateko euskararen herrian lelopean hainbat ekitaldi.  11:30ean kalejira ikastetxeekin plazara. Floreagako eta Xabier Munibeko ikasleek pankartak eramango dituzte eta manifestua irakurri. Xabier Euzkitzek bertsoak botako ditu eta taldeko argazkia aterako dute. 17:00etan  horma irudia egingo da, Udane Juaristiren gidaritzapean. 18:30ean manifestua irakurriko dute, herriko plazan. -Floreaga Ikastetxea. Egunean zehar, euskal musika, bertsoak, lehiaketak eta euskal ginkana, besteak beste. Ondoren kale jirarekin bat egingo dute. - Xabier Munibe Ikastola.  Goizean zehar, Apaizac obeto dokumentala ikusiko dute eta ikasleen bertso emanaldia izango da, besteak beste. Ondoren, kalejirarekin bat egingo dute. Arratsaldean, Potxin-Patxin pailazoen emanaldia eta euskarazko film baten emanaldia, Baztartxo aretoan.  Amaitzeko txokolate jana. - Napar zuzterrak taldeak antolatuta, Gure Ikurren aldeko omenaldia prestatzeko bilera herriko talde eta eragileekin, 19:30ean Elkargunean. Abenduaren 5a, osteguna. -Xabier Munibe Ikastolako DBH 4. mailakoak Durangoko Azokara joango dira. AZPEITIA Abenduaren 3a, bihar. -Azpeitiko Ikastola Ikasberri. 09:30etik aurrera: pregoia, euskal jolasak eta Mari Domingiri ongi etorria,besteak beste. - Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai.Eguerdira artean, euskal musika,  ipuin kontaketak eta irratsaio bereziak,  besteak beste. Arratsaldean jolasak eta askaria. - Iraurgi ikastetxea.  08:40etik aurrera, Euskara gure barneko izarra lelo hartuta horma irudia osatuko dute Haur Hezkuntzakoek, eta DBH eta Batxilergokoek lip dub bat egingo dute, besteak beste. GETARIA Abenduaren 3a, asteartea. - Mintzalagun taldea ipuinak kontatuko dizkiete 3-5 urte arteko haurrei Iturzaeta Eskolan. - 18:30ean, Artzape Elkarteko kideek Losintxa Lehiaketaren sariak banatuko dituzte. - Jarraian, pintxo poteoa egingo dute, Elkano Abesbatzarekin. ORIO Abenduaren 3a, asteartea. - Zaragueta Eskolan Gau eta egun Zaragueta Euskaldun lelopean, hainbat ekitaldi. Goizean kantu saioa egingo dute eta arratsaldean Mikel Agote surflari oriotarrak hitzaldia emango du. 15:30etik 16:30era euskarazko liburuen II. Truke Azoka egingo dute. - Orioko Herri Ikastola. 09:00etan jolasak, tailerrak eta kalejira, besteak beste. Arratsaldean DBHko ikasleek herri kirolak egingo dituzte. - Iluntzean, Euskaraz Gazte Lehiaketako sariak banatuko dituzte, udalbatzar aretoan. ZARAUTZ Abenduaren 3a, asteartea. Ekitaldiak herriko ikastetxeetan. Abenduaren 4a, asteazkena. Asier Altunaren hainbat film labur eskainiko dituzte Modelon, 19:00etan: Topeka, Sarean, Artalde eta Zela Trovke. Emanaldiaren ostean, solasaldia eta Maite Larbururen zuzenekoa, Ura patrikan diskoa aurkezteko. ZESTOA Abenduaren 3a, asteartea.  Irrien Klubekoak izango dira Zestoako Herri Eskolan eta Arroabeko eskolan; Aizarnako eskolako ikasleak Arroabekora joango dira. ZUMAIA Abenduaren 3a, asteartea. - 19:00etan, Alondegian, Julene Azpeitia XXVI. Ipuin Lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta egitasmo berean literatura eta musika uztartuko dituzte. Yolanda Arrietak Off-On literatura errezitaldia emango duJuantxo Zeberio pianistarekin. Abenduaren 4a, asteazkena. - 18:00etan, Hizkuntza ekologiaren inguruko tailerra emango dute Alondegiko ganbaran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide