Kirolaren aurpegi fotografikoa

Aritz Mutiozabal 2013ko abenduaren 3a

Harrietan zintzilik (Alex Berasategi) Kirolgi Fundazioaren XII. Kirol Argazkien Lehiaketako saridunak jakitera eman dituzte, eta B atalean, koloretako ar­gazkien modalitatean, Alex Berasategi azpeitiarraren eta Luis Llavori zumaiarraren irudi ba­na hautatu dituzte. Bigarren saria eman diote Berasategiri Harrietan zintzilik lanagatik, eta hi­ru­garren saria Llavoriri, Uretan 1 la­na­gatik. Biak ala biak oso pozik agertu dira lorpenarekin. Berasategik urtebete baino ez darama argazkilaritzan, eta honakoa Gipuzkoa mailan jasotzen duen lehen saria du; aurretik beste bi sari lortuak zituen, baina herriko inauterietan. Gainera, azken momentuan aurkeztu zen lehiaketara. «Gure atalean irabazi due­nak eman zidan lehiaketaren berri, duela hiru aste inguru, argazki rally batean, eta parte-hartzera animatu ninduen. Buruari buelta batzuk eman ondoren, kiroletako argazki dezente banuela konturatu nintzen, eta haietako bat bidaltzea erabaki nuen. Sariak honetan jarraitzera motibatzen zaitu. Bide onetik ari garela lanean, hain zuzen ere». Ezohiko eremuan Sari guztiak dira pozgarriak, baina Kirolgi Fundazioak emandakoak «sekulako ilu­sioa» egin diola aitortu du Llavorik. «Kirol argaz­kilaritzako lehiaketa batera nire argazki bat aurkezten nuen lehen aldia zen, eta animatu bezain pron­to hiru­ga­rren saria jasotzea, benetan pozgarria izan da». Kirol eremuko argazkiak ez dira oso ohi­ko­ak bere argazkigintzan; izan ere, egile ar­gazkilaritzan eta naturako argazkilaritzan da espezialistabatez ere. Alde horre­tatik, erronka berria izan dela onartu du. Uretan 1 (Luis Llavori) Berasategi ere ez da kirol argazkilaria; argazkilaritzan daraman urtean denetariko gaiak ukitu dituela jakitera eman du. Argazki saritua lagunak eskalatzen ari ziren egun batean atera zuen. «Zumaia eta Getaria artean eskalatzeko harkaitz onak daude, eta gure kuadrillaz gain, jende gehiago zebilen bertan. Argazki sarituan ageri dena ez nuen ezagutzen, han zebilenetako bat gehiago baitzen. Argazkia ateratzeko baimena eskatu nion, eta halaxe egin nuen. Egia esan, irudiarekin gustura geratu nintzen, argi oso ona zuelako». Harrietatik uretara Llavoriren ar­gaz­kian, berriz, pi­ra­guis­ta bat ageri da Zumaiako errioan arraunean. «Osa­garri gisa, parrokia eta bere ingurua modu koloretsuan islatzen da errioan, eta horrek bat-ba­te­ko argazkia edertzen du», aditzera eman du. San Telmo jaien bezpera aurreko egu­nean atera zuen, Santiagoko pa­duran orkideei buruzko argazki erreporta­jea egiten aritu ondoren. «Etxera bidean, on­tziolen on­doko oinezkoen zubia pasa­tzen ari nin­tzela, kaia aldera zihoan pira­guista bat ikusi nuen. Errio ingurua behatu, eta pira­­guis­­taren iru­dia uretako islarekin kon­posatu nahian, ka­mera klikatu eta argazki hori atera nuen», kontatu du argazkilariak. Kirolgi Fundazioaren XII. Kirol Argazkien Lehiaketako sa­ri ba­naketa ekitaldia datorren astean egingo dute, abenduaren 12an, Gipuzkoako Argazkilari Elkar­teak Do­­nostian duen egoitzan. Orduan jasoko dute Berasategik eta Llavorik merezitako saria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide