(Ane Olaizola/Hitza)
Juan Joxe Unanue
Goenatxo II.-a (Azkoitia, 1959) harri-jasotzailea bezala da ezaguna, baina urtetan hartutako esperientzia eta indarra ondo aprobetxatzen badaki. Izan ere, etxe-aldaketen zerbitzua eskaintzen du herriz herri, eta harri-jasotzarekin uztartzen du lanbidea. «Jainkoari eskerrak, osasuntsu nago oraindik», adierazi dio UROLA KOSTAKO HITZA-ri.
Zer da zailagoa, harriak ala altzariak jasotzea?
Desberdinak dira bi lanak. Harria jasotzeko egunero entrenatu behar duzu, eta altzariekin ez dago hala aritu beharrik. Harria gogorragoa da, noski, baina altzariena ere gogorra izaten da askotan. Batzuetan laugarren pisura gora eta behera ibili behar izaten dugu etxe-aldaketetan, eta hori ere zaila egiten da.
Nolatan hasi zinen etxe-aldaketetarako zerbitzua ematen?
2007an hasi ginen beste lagun bat eta biok. Gaur egun, ordea, neuk daramat negozioa. Aspalditik geure kontura lanean hasteko asmoa genuen, eta halaxe jarri genuen martxan. Aurretik ere altzari enpresa batean egin nuen lan. Beraz, ezagutzen nuen esparrua da. Gainera, saltoki askorekin egiten dut lan, eta haien bidez ere ibiltzen gara batera eta bestera. Hala ere, esan beharra dago oso gutxi saltzen dela gaur egun.
Urte txarrenean sortu genuen enpresa. Ordurako krisia zegoen, eta ez ginen ezertaz jabetu. Baina pixkanaka tira egin diogu. Zerbait ateratzen dugunean, behintzat, gaitzerdi.
Saltokien bidez ere lan egiten duzula diozu. Etxeetara joan eta Goenatxo ikusten dutenean ate aurrean, ez al dira harritzen?
Zuzenean niri deitzen didatenean ez dira harritzen, badakitelako norekin hitz egin duten. Baina saltokien bidez joaten naizenean, bai, batzuk harritzen dira. Gainera, egokitu zait egun batean saltoki baten bidez etxe batera joan, eta hurrengo egun batean beste saltoki baten bidez beste etxe batera joatea. Orduan bai, asko harritzen dira.
Harri-jasotzailetik enpresari izateko salto horretan, asko ikasi behar izan al duzu?
Bai, noski, eta oraindik asko dugu ikasteko. Uste dut hau guztia ez dela inoiz ikasten. Eginez ikasten da, baina beti falta da zerbait.
Harria altxatzeko nahikoa entrenamendu izango da altzariekin aritzea.
Bai, baina ez da batere ona. Altzari asko jasota, eta gu ibiltzen garen modura ibilita, gorputzeko nerbio asko hil egiten dira, eta, ondorioz, harri-jasotzen ezin da behar bezala ibili. Harria jasotzeko deskantsatuta joan behar da, eta gaur egunean zaila da hori; are gehiago gu ibiltzen garen bezala ibilita.
Harri-jasotzea bezalako lan gogor batetik gogorrago batera egin al duzu salto orduan?
Bai, baina bizi osoan horretan aritu naiz. Gainera, aurreko altzari fabrikan ere urte pila bat egin nuen, eta hango lana antzekoa zen; altzariak hartu, etxebizitzetara eraman, eta han muntatzen genituen. Orain prozesua alderantzizkoa izaten da; etxeetan desmuntatzen ditugu, almazenera ekartzen ditugu, eta han edukitzen ditugu, obra amaitu arte. Ondoren berriro eramaten ditugu. Zailagoa da hori.
Indar handia beharko da, ezta?
Indarra baino gehiago, trebezia da beharrezkoa. Indarra garrantzitsua da, noski, baina eramateko abileziarik ez baduzu, ez duzu balio lan honetarako. Burua erabili behar da, eta jakin altzari bakoitzak zer pieza dituen, besteak beste. Horretarako beharrezkoa da urte askotako esperientzia.
Gerria ez al duzu kexu?
Zorionez, ez dut inoiz gerrian lesiorik izan. Zerbait izan dut, baina ezer berezirik ez.
Ba al duzu anekdotarik?
Lan honetan anekdotarik bitxiena saltoki askoren bidez leku berera joan behar izatea izaten da sarritan. Bezeroak asko harritzen dira horrekin, ez baitute espero.
Zein da jaso duzun eskaera xelebreena?
Oro har, ez dute ezer arrarorik eskatzen. Batzuetan gertatzen da eskaera baten gaineko aurrekontua egin ondoren, eta etxe-aldaketetan hasten naizenean, aurrez hitzartutakoa baino gehiago eskatzen hastea. «Orain egidazu hau, eta orain egidazu bestea». Halakoak gertatzen dira noizean behin. Bezero batzuk asko aprobetxatzen dira zerbitzu emaileez. Baina beste batzuk guztiz kontrakoa dira. Mota guztietako bezeroak daude.
Ingurukoek esaten al dizute atseden hartzeko momentua duzula?
Ez, ondo nago oraindik. Gainera, neure kasara ibiltzen naiz.
Altzari zilindrikoak, errektangularrak... Zeintzuk dituzu nahiago?
Mota guztietako altzariekin lan egin behar izaten dugu: sofak, hozkailuak... Eta guztietara ohitu behar da.
Enpresa berria martxan jarri zenuenean, harri-jasotzen ibiltzen al zinen oraindik?
Bai. Enpresan hasi baino lehen Bidanian errekorra egin nuen, eta ordutik beste hiru ere egin
ditut. Orain ezin dut halakorik egin, baina noizean behin erakusketa batzuk eskaintzen ditut harriarekin.
Egun berezietan aritzen al zara?
Bai, ez naiz lehen bezala ibiltzen. Orain, San Andres egunean, santomasetan, santaluzitan... Halako egunetan egiten ditut saioak, jaietan.
Kanpora joan behar izaten dugunean, gogorra egiten da eguna. Goizean goiz abiatzen gara, eta etxera itzultzerako iluntzea izaten da. Egia esan, herrian ibiltzea gustatzen zait, bertan dagoelako eta ezagun asko etortzen direlako saiora. Kanpora joatea nekagarria izaten da.
San Andres egunean Azkoitiko herri kirol saioan parte hartuko al duzu? Zer egingo duzu han?
Bai, bertan izango naiz, erakustaldia eskaintzen. 200 kiloko harri errektangularra hiru aldiz jasoko dut lehenengo. 138 kiloko harri kubikoa ere eramango dut, eta harekin ere erakustaldia egingo dut pare bat minututan. 100 kiloko bolarekin ere ariko naiz.