2013-2017 Euskararen Erabilera Plana onartu du Orioko Udalak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko azaroaren 29a

Atzo iluntzean ohiko udalbatzarra egin zuen Orioko Udalbatzak eta euskararen gaiak presentzia nabarmena izan zuen gai zerrendan. Alde batetik, kontratazio publikoetako espedienteetan aplikatu beharreko hizkuntz irizpideak aldatzea onartu zuten udal ordezkariek. Bestetik, Orioko Udalaren Euskararen Erabilera Plana 2013-2017 izan zuten hizpide. Eta, benduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira mozioa bozkatu zuten. Hiru gaiak aho batez onartu zituzten Udalbatza osatzen duten udal taldeetako ordezkariek. Orioko Udalak 2013ko otsailaren 5ean egindako ezohiko bilkuran kontratazio publikoetako espedienteetan aplikatu beharreko hizkuntza irizpideak onartu zituzten, euskarari lehentasuna emanez. Estatuko abokatuak erabakia errekurritu egin du eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzak Udalari gomendatu dio otsailean hartutako erabakia bertan behera uzteko eta hizkuntza irizpideak ezartzeko beste bide bat hartzeko. "Udalbatzarrean hartutako erabakia legez kanpokoa dela adierazi du Estatuko Abokatuak. Kontratazio bakoitzean alkateak txertatu ditzake hizkuntza irizpide horiek, baina Estatuko Abokatuak dio Udalak ez duela eskumenik hori araututa uzteko" azaldu zuen Jon Agirresarobe Euskara zinegotziak. Horren aurrean Orioko Euskara Batzordeak proposatu zuen aldiro-aldiro hizkuntza irizpideak kontratazio bakoitzean txertatzea eta Orioko Udalbatzak aho batez onartu zuen atzo proposamena. Euskararen Erabilera Plana 2013-2017 aldirako Orioko Udalaren Euskararen Erabilera Plana onartu zuen Udalbatzak aho batez. Euskara planaren helburu nagusia Udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea da, zerbitzu eta lan hizkuntza modura, euskararen erabilera bermatu eta herritarren hizkuntza eskubideei erantzun ahal izateko. Euskara planak hori lortzeko landu beharreko ildo estrategikoak aurkezten ditu. "Orioko Udalean euskarak duen pisua lorpen kolektibo bat izan da, ez da legealdi batean edo bestean etorri, langileek urtetan egin duten lanari esker gaude puntu horretan" azaldu zuen Agirresarobek. Dena dela, hobetzeko alderdiak badaudela ere aitortu zuen Euskara zinegotziak. "Ahozko erabilera informalean urratsak aurrera eman behar ditugu, laneko gaiak gero eta gehiago euskaraz lantzen dira, baina kafe garaian lankideen artean ere euskaraz hitz egitea lortu behar dugu". Bestetik, egun euskara zerbitzu hizkuntza izanda, lan hizkuntza izatea nahi du Orioko Udalak. Horretarako lehentasuna eman nahi dio dokumentuak euskaraz sortzeari eta dokumentu horien ondorengo lanketa euskaraz egiteari. Horretaz gain, ordenagailuetako hizkuntza, langileen prestakuntza orokorreko ikastaroak, telefonoko itxaron mezua, hainbat erakundeekin edo zerbitzu enpresa eta hornitzaileekin harremana gaztelaniaz direla jakin badaki Udalak eta pixkanaka hutsune horiek gainditu eta euskararen erabilera bultzatu nahi du arlo horietan. Euskararen Eguneko mozioa Euskararen Nazioarteko Egunaren harira UEMAk proposatutako mozioa aho batez onartu zuen atzo iluntzean Orioko Udalbatzak. Orioko Udalak jakin badaki Orio euskararen arnasgunea bada ere, euskaren egoera oso desberdina dela Euskal Herriko beste hainbat zonaldetan. "Oraindik ere arrotz dabil euskara bere herriko hainbat eremutan. Horregatik tokiko errealitateetatik abiatutako aurrera pausoak bultzatu behar ditugu. Herriz herri euskararen arnasguneak hedatuz landu behar dugu etorkizuna". Oriotik abiatuta, herritar soilen inplikazioaz, elkarte eta eragileekin bat eginez eta erakunde publikoen laguntzaz euskararen arnasgunean zabaltzeko pauso sendoak eman daitezkela aldarrikatu zuten. "Oriotik inguruko herrietara, Oriotik Euskal Herrira". Testuinguru horretatik abiatuta hurrengo aldarrikapenak egin ditu Orioko Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren harira. - Orion euskara nagusi denez, hizkuntza politika ausart eta aurrerakoiak garatzeko baldintzak daude. Udalerri euskaldunok lege babesa eta baliabideak behar ditugu aurrera pauso sendoak eman ahal izateko. - Udalerri euskaldunek euskararen arnasgunerik zabalena osatzen dute. Eta, beraz, Orio bezalako udalerriek euskararen geroan jokatzen duten paper garrantzitsua aitortzea ezinbestekoa da. - Gure herria euskarari dagokionez erreferentziazko udalerria dela jakinda, Orion garapen sizioekonomiko eta soziokulturalak zein bestelako proiektuek sor dezaketen eragin soziolinguistikoa kontutan hartzeko konspromisoa hartzen dugu. - Euskararen aurkako erasoekin amaitu behar da. Hainbat Udalek onartutako hizkuntz irizpideen aurka jarritako helegiteek, esaterako, kalte nabarmena egiten diote euskararen normalizazioari. - Orioko Udalak,  herriko eragile eta norbanakoekin elkarlanean, euskararen  aldeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide