Zestoako lantegia (Hitza)
Zestoako TS Fundicionesek hartzekodunen konkurtsorako eskaera egin du Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegian. Enpresak jarduerari eutsi egingo dio, baina hemendik aurrera epaileak hartu beharko ditu erabakiak eta harek izendatu beharko du enpresaren jarduera gainbegiratuko duen administratzailea. Orainarte esanda bezala, enpresako zuzendaritzak aurten 20 milioi euro fakturatzea aurreikusten du, baina gaur egun TSk duen zorra 28 milioi eurokoa da. Konkurtsora jota, "gaur egun enpresak bizi duen egoera zaila berregituratu" nahi dute nagusiek, "bideragarritasunerako eta lehiakortasunerako bidea berriz hartuz".
TS Fundiciones krisiak "bete-betean" jo duela esan du zuzendaritzak gaur kaleratutako idatzian. "Iaz eta aurten artean eskaerak %43 egin du behera. Hori, erosleek Txinako produktuen alde egin dutelako eta beste ekoizle batzuk euren fundizioak indartu dituztelako da. Ondorioz, eskaera gutxiago dugu eta prezio baxuagoan".