Zumaiako pilotalekua urte hasieran eraikitzen hasiko direla dio Sukia enpresak

Urola Kostako Hitza 2013ko azaroaren 29a

Eremu horretan eraikiko dute Zumaiako pilotaleku estalia. (Egilea: Amaia Ventas) Zumaiako Pilotalekua "urtearen hasieran eraikitzen hasiko" direla aurreratu du Sukia enpresak. Etxegileak pilotalekua eraikitzeko jarri zuen baldintza 26 etxebizitza saltzea izan zen; dagoeneko iritsi dira kopuru horretara eta pilotalekuaren lanak lehenbailehen hastea da euren asmoa "Hirigintza arloko izapide txiki batzuk egin behar ditugu eta gai hori urte amaierarako argitzea espero dugu. Beraz, urtarrilean edo otsailean pilotalekuko lanak abiatzea da gure asmoa" azaldu dute Sukiatik. Enpresak 3, 5 milioi euroko aurrekontua izango du eta 18 hilabeteko epea izango du frontoia eraikitzeko. Zumaiako Udalaren eta etxe sustatzailearen arteko aurre hitzarmenak pilotalekuaren eraikina hartzen du bere baitan, «oskola, alegia». Frontoiaren inguruko urbanizazio lanak eta pilotalekuko ekipamendua, berriz, udalaren ardura izango dira. Pilotalekua eraikitzeko proiektua bide onetik doala kontuan hartuta, urbanizazio proiektu urtea amaitu baino lehen adjudikatu nahi du Zumaiako Udal Gobernuak. Eraikina eta urbanizazio lanak aldi berean egin daitezke. Hitzarmen ofizialaren zain Aurrekariak kontutan hartuta Zumaiako Pilota Elkartea Udalaren eta Sukia etxe sustatzailearen arteko hitzarmen ofizilaren zain dago. "Oraindik hitzarmena ez dute sinatu eta baldintza batzuk bete badira ere, nork daki beste batzuk agertuko ez ote diren. Duela sei urte bota zuten Odieta frontoia eta ordutik pilotalekurik gabe gaude, pilotariak kanpora joan behar izan dute entrenatzera. Gu hitzarmen ofizialaren zain gaude, hainbeste denbora itxoroten pasa ondoren eszeptikoa bihurtzen baita bat. Makinak lanean hasten direnean sinestuko dugu frontoi berria izango dugula" azaldu du Zumaiako Kirol Elkarteko Luis Mari Etxabek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide