Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko Antonianoko ikasleek hondakinen gaia landuko dute datozen egunetan tailer batzuen bidez. Tailer hauek, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek dinamizatuko dituzte eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kristau Eskolak eta Ikastolen Elkarteak sinaturiko Zero Zabor Eskolak hitzarmenaren baitan kokatzen dira. Abenduak 2, 3, 4 eta 11ean Zero Zabor hamaiketakoak eta Hor Konpost! tailerrak egingo dituzte. Bertan neska-mutilek hondakinen kudeaketaz ariko dira, prebentziorako gako diren hiru B-ak landuz: Beheratu, Berrerabili eta Birziklatu. Horren ondoren, 4. B bat egingo dute: euren ohiturak Berpentsatu, eguneroko bizitzan hondakin gutxiago nola sor ditzaketen proposatuz.
Hor Konpost! tailerra konpostari buruzko monografikoa da. Bertan, materia organikoa zer den, konpostagailura zer bota eta konpost egokia lortzeko berau nola zaindu ikasiko dute. Eskolan konposta egiteko aukera emango zaie baita ere.
Tailerrak aktiboak eta parte-hartzaileak izango dira, elkartasuna, lankidetza, pentsamendu kritikoa, ekintzailetasuna eta konpromisoa landuz.