(Ane Olaizola/Hitza)
LAB sindikatuak eskualde eta herrialde mailako mobilizazioak egin ditu, "enplegu eta lan baldintza duinen alde". Batetik, "patronalak eta zenbait enpresarik" hartu duten jarrera salatuko dute protesten bidez, "orain arteko lan baldintzak suntsitzeko estrategia garbia" dutelakoan. Bestetik, langabezia maila "onartezina" gaitzetsi dute.
Hain zuzen, gogoratu dute Lanbideko urriko datuen arabera Urola Kostan 4.470 langabetu daudela. "Eta aurreikuspen guztien arabera, badirudi kopuru honek gora egiten jarrai dezakeela". "Kaleratzeen aurka eta lan baldintzen alde" ari diren eskualdeko hainbat enpresa ekarri dituzte gogora. Gainera, Fagor etxetresnen itxierak ere herrialdeko enpresetan eragina izango duela azpimarratu dute.
Egungo langabeziaren atzean "negoziazio kolektiboaren suntsiketa, lanorduak igotzea, malgutasuna areagotzea eta soldatak murriztea" daudela ohartarazi du sindikatuak. "Egoera oso larria da. Beraz, gure ustez, larritasun honen tamainako erantzuna ematea ezinbestekoa da, lantoki bakoitzaren borrokatik haratagokoa. Gatazkak herriratu, elkartasuna handitu eta mobilizazio sozialaren bitartez orain arteko politikak aldarazteko presio soziala egin behar diegu erakundeei". Beraz, gaur, osteguna, eskualdean mobilizazioak egingo dituzte. Goizean zehar enpresetan elkarretaratzeak egingo dituzte, herrialdeko hitzarmenaren alde. Arratsaldean, Urola Erdian oinezko martxa egin dute; 16:00etan Zestoako gurutzean elkartudira, eta handik Azpeitira joan dira oinez. Azpeitira iristean, udaletxe aurrean elkarretaratzea egin dute, 17:30etik 18:30era artean. Kostan, berriz, auto karabana egin dute, eta 19:00etatik 19:30era elkarretaratzea egin dute Zarauzko udaletxe aurreko plazan.
Hilaren 30ean, bestetik, herrialde mailako manifestazioa egingo dute Donostian, 17:30ean, Bulebarretik hasita. LABek langile eta herritar guztiei eskatu die mobilizazioetan parte hartzea.
Sindikatuko eskualdeko ordezkariek protesten berri ematearekin batera, Azpeitiko Sarralle enpresa aurrean elkarretaratzea egin dute goizean. Izan ere, LABek jakinarazi du zuzendaritzak urteko lanaldia 200 ordutara igotzeko eta soldatak %15 jaisteko asmoa duela. "Proposamena astakeria hutsa da, baina hori bezain larria da neurria inposatzeko izan duten modua". Horien arabera, langileen ordezkariekin negoziatzen hasteko proposamena egin beharrean, zuzenean langile bakoitzarengana jo dute, "presio izugarri baten bitartez sinadura bitartez onar dezaten inposaketa hori". Hori hala, LABek azpimarratu du ez duela langileenganako "halako presio eta inposiziorik" onartuko; "gure esku dauden bitarteko guztiak erabiliko ditugu egoera honi buelta emateko", berretsi dute.