Herritarrek gaur erabakiko dituzte 2014an egingo diren proiektuak

Ane Olaizola 2013ko azaroaren 28a

Herritarrek azaroaren 6an lehenetsi zituzten proiektuak, Azkoitian (Ane Olaizola/Hitza) Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek dagoeneko aztertu dituzte Azkoitiko bileran lehenetsi zituzten 30 proposamenak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren edo ez jakiteko, eta orain herritarrek izango dute «azken hitza». Teknikoen ebazpenetik abiatuta, behin betiko proiektuak aurkeztuko dituzte gaur Azpeitian, eta herritarrek erabakiko dute horietatik zein gauzatuko dituen aldundiak hurrengo urtean. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak eta Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzak aurrekontu orokorretako 500.000 euro Urola Erdiko herritarren esku utzi dituzte, zertan inbertitu erabaki dezaten. Azken hilabeteetan hainbat saio egin dute Azkoitian, Azpeitian, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, hango biztanleek proposamenak egin eta lehenetsi zitzaten, eta gaur azkenengo bilera izango da. Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean izango da bailarako saioa, 18:30ean. Aldundiak hara eramango du zerrenda, eta proposamen bakoitzaren kostua eta bideragarritasuna plazaratuko du. Horren ondotik, bertaratzen diren herritarrek azken aukeraketa egingo dute. Baikor, baina kritiko Prozesua amaitzear dela, hasieratik bukaerara parte hartu duten bi lagunek partaidetzazko aurrekontuen inguruko balorazioa egin dute. Eba Serna beizamarra eta Gurutz Garmendia azkoitiarra prozesuaren talde sustatzaileko bi kide dira, eta horien lana izan da, besteak beste, aldundiak aurrez ezarritako irizpideak proposamenekin kontrastatzea. «Zeregina ez da izan erabakiak hartzea; erabakigune bakarra herritarrekin egin diren bilerak izan dira», argitu du Jon Abrilek, Elhuyarreko kideak. Soilik euren burua ordezkatu dute, beraz. Biek begi onez jo dute aldundiak aurrekontuak partaidetza prozesu baten bidez osatzeko egitasmoa abiarazi izana. «Egitasmoa interesgarria izan da, eta orain ikusi beharko da zer jarraipen izango duen, halako gehiago egin behar baitira aurrerantzean», esan du Garmendiak. Aldundiak lehenengo aldiz eraman du aurrera egitasmoa, eta proba pilotu gisa Urola Erdia aukeratu dute horretarako. Estreineko aldia izanda, hutsuneak egon direla adierazi dute bi lagunek. «Denbora gutxiegi izan dugu gauzak erabakitzeko, eta prozesuak bide luzeagoa eduki behar zuen», uste du Sernak. Hala, aurrerantzean jarraipena izatea eta zabalpen handiagoa izatea eskatu dute biek; besteak beste, ekarpenak egiteko bide gehiago jarriz. «Jende gehiagorengana iristeko moduak zabaldu beharko lirateke. Aurten soilik leku fisikoetan egin behar izan ditugu ekarpenak, eta horrek parte hartzea mugatu egin du». Azkoitiarraren iritziz, prozesuak izan duen parte hartzea «penagarria» izan da. Zertan eta nola gastatu Herritarrek aurrez proposatutako 124 egitasmoetatik 30 lehenetsi zituzten azaroaren 6an, Azkoitian egin zuten bileran. Urolako trenbide zaharreko bidegorria egokitzeak eta Zestoatik Zumaiara bidegorria egiteak jaso zuen boto gehien, eta ingurumenari, mukortasunari eta jarduera ekonomikoari lotutako proposamenak izan ziren bozkatuenak. Hala ere, horietako batzuk bertan behera geratu dira orain, teknikoek horien bideragarritasuna aztertu ondoren. Gehienak, gainera, eskualdeko ikuspegia zutenak izan ziren, eta zentzu horretan kezka du beizamarrak, herri txikietako proiektuak «alboratuta» geratu daitezkeelako. Dena den, «desoreka gainditzeko» ahalegina egingo dutela nabarmendu dute. Gaurko bileran erabakiko dute 500.000 euro zertan eta nola gastatu; hau da, guztia proiektu bakar batean xahutu, ala aurrekontu txikiagoko egitasmo gehiago egin erabakiko dute. Aukeratu gabeko proiektuei dagokienez, berriz, udalei aurrekontuetarako kontuan hartzeko eskatu die Sernak. «Udalak herritarren eskutik joan behar du, eta jakin behar du horien interesak zein diren».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide