Urkia, erakusketaren aurrean. Abenduaren 4a bitartean bisitatu daiteke (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Hiritar kutsuko paisaiak aurkeztu ditu Hilario Urkia (Zarautz, 1945) margolariak Alondegiko Oxford aretoan zabaldu duen erakusketan. Ohiko ikuspuntutik landa, bestelako begirada bat emateko borondantearekin. Ikuspegi pertsonalago bat. «Oro har, erakusketako lan gehienek hiriko egunerokoaren xehetasun txiki hori irudikatzearen dute: zoruak, asfaltoa, hormak eta txokoak. Zubi bat egiten badut, ez dut bere horretan margotzen, baizik eta zimendua erakusten dut. Kontzeptua paisaia da, baina postalak ekidin nahian».
Kolore gutxi erabili ditu margolari zarauztarrak, eta guztien artean, hasierako behatuan behintzat, grisa nagusitzen da. Udazken- negu tankera dute, nolabait esateko. «Proposamen lasaigarria dela iritzi diot, batik bat sosegatua. Asko ikuskatzekoa da, baina, era berean, baretasuna eta sentipen atsegina islatzen duena. Kolore gutxi erabilita, ñabardura asko lortu nahi izaten dut».
Hiriari erreferentzia egiten badio ere, Urkiaren margolan askotan kostaldea oso presente dago. «Zarauztarra naizenez, nire baitan daramat itsasoa», aitortu du. Ondorioz, ez da falta sorterriari eskainitako margolanik. Hala ere, Donostian bizi da aspalditik, eta bizilekuko itsasertza eta beste hainbat gune ere ikus daitezke. Era berean, Zumaiako
flysch-ak ikus daitezke zenbait koadrotan.
Margolanetan, paisaien barruan, figura fisikorik ez da ageri. «Sekula ez nau erakarri pertsonak margotzea. Erosoago sentitzen naiz paisaia bati perspektiba bat edo argi bat ateratzen».
Magolan gehienak, berriak
Erakusketa Zumaian paratu aurretik, Donostiako Boulevard Kutxa aretoan erakutsi zuen iaz. «Orduan erakutsitako koadro batzuk berreskuratu ditut orain, baina gehientsuenak berriak dira, azken urtean egindakoak». Normalean, Donostia eta Zarautz artean egin ditu bere orain arteko erakusketak. Oraingoan, ordea, Zumaian egitera animatu da. «Zarauztarra naiz, baina nire ama zumaiarra zen», arrazoitu nahi izan du margolariak. «Aukera suertatu zitzaidan, eta lanak erakusteko areto polita zela pentsatu nuen». Erakusketa abenduaren 4a bitartean bisitatu daiteke.
Guztira, 34 koadro zintzilikatu ditu, eta horiek kokatzerakoan «jolas» egiten saiatu dela adierazi du. «Ez ditut guztiak erreskadan jarri, guztiak altura berean, baizik eta multzo txikitan banatu ditut. Aretoa lagungarri bihurtu zait, eta hormetako zuriak bizitasuna eman dio nire lanei».
Margogintza aspalditik datorkion zaletasuna du. Estreinako erakusketa Zarautzen egin zuen, Sanz Enean, 70eko hamarkadan. Harrezkero, margolari bezala garatu da. Horretarako garrantzitsuena «mihisea egunero-egunero zertxobait zikintzea» dela dio.