Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur eguerdiko hamabietara arteko epea zuten TS Fundicioneseko langileek zuzendaritzak egindako azken proposamenaren arabera boluntarioki kaleratzea onartzeko, baina inork ez du bere burua aurkeztu. Hala adierazi dute bai langileen ordezkari sindikalek, baita zuzendaritzak ere. Langileen arabera,
denek egin diote uko, «proposamena txarra» delako. «Argi esan behar dugu: langileon batzordetik ez diogu inori debekurik jarri bere burua aurkezteko, eta langile batzuk badaude inongo sindikatutan afiliatu gabekoak», esan dute TSko langileen ordezkari sindikalek.
Enpresa aurre konkurtsora sartuta dago, baina gaur ez dute hartzekodunen konkurtsora sartu. TS Fundiciones enpresaren esanetan, langileei «ultimatumik ez» die eman. «Bakar-bakarrik, aurretik hitzartutako baldintzen arabera, boluntarioki lantegia uzteko beren burua aurkezteko epea jarri zitzaien gaur eguerdirako langileei, eta inor ez da aurkeztu», esan dute enpresatik.
«Langileak gutxitu beharra»
TS Fundiciones-ek aurrera egingo badu, langileak gutxitu behar dituela nabarmendu du beste behin enpresak. «Langileei proposatutako plan soziala aurrera eraman beharra dago, enpresak etorkizunik izango badu». Zuzendaritzaren planak 50 langile kaleratzea aurreikusten du.
Langileek lan egiteko eta negoziatzeko prest daudela berretsi dute, baina horretarako baldintzak beharrezkoak direla uste dute. «Langileak boluntarioki kaleratzea nahi badute, kalte ordaina kobratzeko dirua mahai gainean jarri behar du enpresak. Orain, boluntarioki bota eta kalte ordain osoa kobratzeko zazpi urteko epea jarri dute, baina nork bermatzen du kalte ordain hori benetan kobratuko duenik? Enpresak dirurik ez daukala dio, baina ez guri, ez hornitzaileei ordaindu gabe, nora joan da orain arte fakturatutako dirua?». Ekonomikoki langileak «itotzen» ari direla ere salatu dute. «Azken bi soldatak kobratu gabe gaude».
Enpresa ez ixteko eta hiltzen ez uzteko eskatuz, mobilizazioa egin dute TSko langileek. Itziarko WEC enpresaren atarira joan dira elkarretaratzea egitera. «TSn egin beharreko lana enpresa horretara bideratzen ari dira. Bitartean, gure tailerra hutsik dago. Rebabakoak bakarrik ari dira lanean, piezak bukatzen».
Langileek TS-ren etorkizunaren eta lanpostuen alde protestan segitzeko asmoa dute, eta larunbatean manifestaziora deitu dituzte herritarrak. Zumaian izango da, 12:30ean, beheko plazan.