Eskualdeko ikaskuntza eskaintzari buruzko aholkularitza emango dute Zarautzen, Azkoitian eta Azpeitian

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 27a

Ezkerretik eskuinera, Monte Albertiako ordezkariak, Imanol Iribar Etengabeko Ikaskuntzako teknikaria eta Karmele Alberdi Zarauzko Udaleko Hezkuntza zinegotzia, lokalaren atarian. (Amaia Ventas/Hitza) Urola Kostako ikaskuntza eskaintzari buruzko aholkularitza zerbitzua eskainiko dute Zarautzen, Azkoitian eta Azpeitian aurrerantzean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Etengabeko Ikaskuntza proiektua sortu du, Gipuzkoan bailaraz bailarako  ikasketa eta prestakuntza aukerak herritarrei ikusarazteko helburuarekin. Eskualdeko eskola publikoen artean Zarauzko Monte Albertia eta Azkoitiko eta Azpeitiko Urola Ikastolak hautatu ditu Jaurlartizak eskualdean zerbitzu hori gara dezaten. Bi puntu nagusi ditu proiektuak: batetik, ikaskuntza, eta bestetik, prestakuntza eskaintza. Prestakuntzaren aldetik, boziurolakosta.com webgune berrituan eskualdeako eskaintza guztia txertatuko dute. «Guri iristen zaigun informazio guztia sartuko dugu hor. Askotariko ikastaroak aurkitu ahalko dituzte erabiltzaileek bertan, hasi surf eskolak ematen dituztenetatik eta elikagaien manipulazioren ingurukoetara. Motzak zein luzeak, doakoak zein ordaindu behar direnak... Denetarik izango da webgune horretan», azaldu du Imanol Iribar Etengabeko Ikaskuntzako teknikariak. Horrekin batera, deialdi konkretuak edota herritarrei interesatu dazkizkieken albisteak ere gehituko dituzte, beken ingurukoak, kasu. Etengabe eguneratuko du Iribarrek gune hori. Horrez gain, bilatzaile bat ere izango du webguneak herria, gaia nahiz data zehaztuz erabiltzaile bakoitzak interesatzen zaiona bilatu ahal izateko. Aholkularitza pertsonalizatua Bestalde, aholkularitza pertsonalizatua eskainiko du Iribarrek, saio presentzialen bitartez. Aipatu hiru herrietan egingo du hori, egun erdiz Zarautzen eta beste egun erdiz Azkoitian eta Azpeitian. Astelehen eta asteazkenetan izango da, hain zuzen, Zarautzen. Zarauzko Udalak Zigordia kaleko 34. zenbakiko bulegoa utzi du horretarako, lehen Sexu Aholkularitza gunea zegoen lekuan, Gazte Informazio bulegoaren ondoan. Ostegunetan izango da Azpeitiko Urola ikastolako bulegoan eta astearte eta ostiraletan, berriz, Azkoitiko izen bereko zentroan. 08:00etatik 14:30era eskainiko du aholkularitza hiru herrietan. Bestelako argibideak nahi dituztenek 696-39 56 64 telefono zenbakira deitu edota info@boziurolakosta.com helbide elektronikora mezua bidal dezakete. Datozen egunetan Facebooken profila zabalduko dutela aurreikusi dute. Helburua eskualdeko herritarrei erantzun «integrala» ematea da, eta horretarako bitartekari guztien artean sortu duten sareaz baliatuko dira. «Agian galdera baten erantzuna ez daukagu, teknikarien artean kontsultatu eta erantzuna duenak eman egiten du, bata bestearengandik aberastuz». Era berean, prestakuntza eta ikaskuntza alorrean lanean dabiltzan aktoreekin ere sare bat sortzeko asmoa dute, zerbitzuari «ahalik eta etekin handiena» ateratzeko.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide